Udalerri euskaldunetan ere, ezagutzak gora eta erabilerak behera
Ezagutzak bultzatuta, udalerri euskaldunak 97tik 129ra igaro dira azken 40 urteetan, baina nabarmen jaitsi da euskararen erabilera
M. IMAZ
Donostia
Jueves, 17 de noviembre 2022, 06:40
Eustatek egin ohi duen Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsua iturri eta oinarri hartuta, EAEko udalerri euskaldunetan euskararen ezagutzak eta erabilerak azken hamarkadetan izan duten bilakaera jaso eta aztertu du UEMAk 'EAEko udalerri euskaldunak. 1981-2021eko zentsuak' txostenean. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen webgunean eskura daiteke lana.
Eustatek berriki argitaratu ditu 2021ko datuak, baina lau hamarkada daramatza eragiketa hori egiten, nahiz eta hizkuntza-zentsua, bere horretan, 1991z geroztik egin. Ondorioak gazi-gozoak direla esan daiteke, kezkagarriak ere bai erabilera lehenetsiko duen ariketaren atarian. Alde gozoan, ezagutzak gora egin du, eta horrekin batera udalerri euskaldunen kopuruak. 2021eko datuen arabera, EAEn 129 udalerri euskaldun daude. Erkidegoko 251 udalerrien erdiak baino gehixeago. 1981ean, berriz, 97 udalerrik gainditzen zuten % 70eko euskararen ezagutza-indizea. Salbuespena laugarren gune soziolinguistikoa da, euskaldun-dentsitate handieneko udalerrien kopurua handitu beharrean murriztu egin baita.
Noticia Relacionada
Belarriak eta ahoak prest Euskaraldirako
Erabileran, berriz, beherakada gero eta nabarmenagoa da. Datu zehatzei erreparatuta, 1991n, %72ko ezagutzarekin, %54koa zen erabilera; 2021ean, %73ko ezagutzarekin, %41ekoa. Nabarmendu dutenez, «datua are esanguratsuagoa da laugarren gune soziolinguistikoan, euskararen indizea %80tik gorakoa duten udalerrietan: %90eko ezagutzarekin, erabilera %81ekoa zen 1991n; 2021ean, berriz, %84ko ezagutzarekin, %59koa zen erabilera».