Musika mordoa Antiguako Jaietako lehen aste-bukaeran
Joseba Irazoki eta Petti DOKAn, Don Inorrez Lugaritzen edo Asgarth talde añorgatarra frontoian dira programaren parte
Ostiral honetan, urtarrilak 12, piztuko du Antiguako Jai Batzordean txupina 19:30ean eta hiru urteren ostean jai giroa normaltasunez itzuliko da. Hiru aste-bukaeratako programa oparoan musikak espazio berezia izango du, jaiak hasi aurretik ere. Izan ere, ostegun gauean Joseba Irazoki eta Petti Dokan ariko dira zuzenean DOKAn.
Ostiralean, pandemia aurreko ohiturak berreskuratuta, Auzo Rock jaialdia izango da bertako taldeekin. 22:30ean 'Red flag' izango da frontoiko oholtzan, 23:15ean 'Indabe' taldeak hartuko du erreleboa eta 1:30ean itxiko du gaua 'DJ Txolas'-ek. Ez da eguneko proposamen bakarra izango, arratsaldean Don Inorrez Lugaritz Kultur Etxean izango baita.
Larunbatean Antigua kanpoko taldeen unea izango da, frontoian oraingo honetan ere. 'Leinu zarra' taldeak irekiko du Antigua Rock 2023 eta 23:30ean izango da Asgarth talde añorgatarraren txanda. Azkenik, 1:30ean 'Benetako DJ' igoko da eszenatokira.
Haurrentzako ekitaldi ugari ere antolatu ditu Antiguako Jai Batzordeak lehen aste-bukaera honetarako. Ohi bezala ostiral arratsaldean haurrak izango dira protagonista 16:30ean Herizetik hasiko den haurren jaitsiera musikatuarekin. Ostean Bentaberri plazan Eriz magoaren ikuskizuna izango da 17etan, 18etan 3-5 urtekoentzat ipuin kontaketa Lur Kortarekin Lugaritzen eta 18:30ean merendola Bentaberri plazan.
Bestetik, igandean, 10:30ean hasiko dira haurrentzako puzgarriak, 11etan buruhandiak ibiliko dira Matia kalean gora eta behera eta arratsaldeko 17etan frontoian haurrentzako jolasak izango dira.