Don Inorrez, Imanol Larzabal aretoan datorren ostiralean
Imanol Ubedak eta taldeak azken lanetako kantak aurkeztuko dituzte, bereziki iazko 'Sastraka/Maleza' proiektu partekatuari dagozkionak
Ostirala, 6 urtarrila 2023, 13:26
2016an, Bide Ertzean taldeak 'atseden mugagabea' iragarri zuenean, taldeko bi kidek, Imanol Ubeda abeslariak eta Karlos Aranzegi bateria-jotzaileak, bide propioari ekin zioten, Don Inorrez izenpean, beste zenbait musikari lagun dituztela.
2018-2021 bitartean Paco Locok ekoitzitako hiru disko kaleratu ostean -'Mugiro bila', 'Dardara hura' eta 'Esku hutsik'-, Ubeda esperientzia artistiko berezian murgildu zen, beste disziplipa batzuetako sortzaileekin partekatu zuen 'Sastraka / Maleza' proiektuak. Musikaren aldetik, Karlos Aranzegi, Fernando Neira eta Mikel Azpiroz aritu ziren proiektu hartarako sortutako kantak bildu zituen izen bereko diskoan.
'Sastraka/Maleza', hain zuzen, Erein argitaletxean 2022ko hasieran argitaratutako liburu eder bat da, baina baita ere lau sortzailek, bakoitzak bere eremutik, elkarrekin sortu eta eraiki duten proiektu artistikoa, liburuaz eta diskoaz gain Iruñean udaberrian eta Donostian udazkenean ikusi ahal izan zen erakusketa baterako bidea ere eman zuena. Pello Lizarralderen testuak oinarri hartuta, poeta 'konplizeak' biltzen joan zen, eta elkartu zituen José Ignacio Agorreta margolaria, Imanol Ubeda musikaria eta eta Imanol Rayo zinema zuzendaria.
Bada, datorren ostiralean, urtarrilak 13, Donostiako Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan egingo da Don Inorrez, 19:30ean hasiko den emanaldian, lan horien zuzenean aurkezteko.