Txokolategintzari ohore San Telmo Museoan
Rafa Gorrotxategi gozogilearen laguntzaz, erakustaldiak, hitzaldiak eta dastapenak antolatu dira datozen egunetan, produktu honen historia eta ezaugarriak ezagutzeko
I. A.
Donostia
Asteazkena, 27 martxoa 2024, 13:10
Kakaoa Ameriketatik iristearekin sortu zen XVI. mendean txokolategintza gure lurraldean. Bertako gozogileek txokolatea egiteko prozesura egokitu zituzten beren ezagutzak. Mendeetan zehar, txokolategintza espezializatzen eta modernizatzen joan da, prozesuan makineria sartuz, harik eta industria-ekoizpen masibora iritsi arte. Azken aldaketa hau kolpe latza izan zen txokolategile artisau askorentzat, eta jarduera bertan behera utzi behar izan zuten. Egun, txokolategileek bere lanbidea egokitzen joan dira, teknika berriak garatuz, kakao barietate desberdinak hautatuz edota osagai berriekin esperimentatuz.
Hala ere, asko izan dira txokolategintzan ezagunak egin diren gozogileak. Horietako bat da Rafa Gorrotxategi, eta bere laguntzarekin, San Telmo Museoak antolatzen duen 'Atzokoak gaur. Lanbide tradizionalak' egitasmoak txokolategintza izango du ardatz aurten. Apirilaren 7ra bitartean, ofizio hori ezagutzeko jarduerak antolatu ditu museoak, besteak beste, hitzaldiak, erakustaldiak edo txokolate dastaketak.
Honela, egun hauetan Klaustroan ikusgai dira txokolategintzari lotutako 30 bat pieza: osagaiak, lanerako erremintak, txokolatea egiteko prozesua erakusten duen bideo bat, eta hainbat objektu txokolatearen salmenta eta kontsumorako. Guztiak Rafa Gorrotxategiren bildumakoak dira, eta txokolategintzaren prozesua artisau modura nolakoa den azaltzen dute, pausoz pauso, fruitu eta hazietatik hasi eta salmentaraino.
Gainera, ostegunean, hilak 28, eta asteartean, apirilak 2an, Rafa Gorrotxategi txokolatea lantzen ariko da arratsaldetan, publikoaren aurrean, eta bisitariei bere lanbideari buruzko informazioa eskaintzeko prest izango da.
Txokolatearen inguruko tailerrak ere antolatu dira pazko astean, txokolatearen historia hobeto ezagutzeko jolasak eta sormena lantzeko eskulanak egingo dituztelarik bertan parte hartzen duten haurrek. Zentzumenak erabiliaz, txokolatea sortzeko prozesua esperimentatuko dute eta horretarako erabiltzen diren tresnak ezagutuko dituzte. Lan artistikoak ere egingo dituzte osagaia ezberdinak erabiliaz, horien artean kakaoa eta txokolatea (hautsa, likidoa eta solidoa).
Txokolategintzaren inguruko programazioari amaieta emateko, apirilaren 6an, eta Rafa Gorrotxategik gidatuta, bi dastaketa antolatu dira, txokolate desberdinak ezagutzeko.