Pasaiako Dantza Festibalaren egitaraua osatzeko proposamenak jasotzeko epea, zabalik
Jaialdiaren 8. edizioa 2026ko ekainaren 11tik 14ra izango da
I. A.
Donostia
Osteguna, 16 urria 2025, 16:43
Pasaiako Dantza Festibalak beste edizio berri bat ospatuko du datorren urtean. Hain zuzen, zortzigarren edizioa ekainaren 11tik 14ra izango da Antzoko barrutian, Haatik dantza taldeak antolatuta Pasaiako udalaren laguntzarekin. Hori dela eta, bertan parte hartu nahi duten Euskal Herriko sortzaile eta dantza konpainiek jadanik zabalik dute data horietan eskaintzeko prest dauden proposamenak aurkezteko epea.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, «proposamen bilketa hau baliagarri izango zaigu, euskal konpainien egungo egoera eta berauen dantza sorkuntza ezberdinak ezagutzeko eta honela, jaialdiaren egitaraua osatzeko».
Euskal Herriko zazpi probintzietako sortzaile nahiz konpainiek bidalitako proposamenak onartuko dira. Iraupen motz zein ertaineko piezak izan beharko dira, kalean zein ezohiko espazioetan eskaintzeko sortu direnak. Proposamena aurkezteko, jaialdiaren webgunean dagoen inprimakia bete behar da, azaroaren 14ra arte.
Jaialdi parte-hartzaile, parekide eta integratzailea izateko asmoarekin dihardu lanean Pasaiako Dantza Festibalak. Dantza gizarteratzeko eta ikusle berriak erakartzeko, dantza sortzaileen lanak erakusteaz gain, bide ezberdinen bidez dantza herritarrei hurbiltzeko tailer, erakusketa eta hitzaldiek osatuko dute egitaraua.
Haatik dantza konpainiak Pasaiako udalaren laguntzarekin antolatzen du jaialdia, herritarrek dantza modu ezberdin batetan gozatzeko aukera eskainiz. Antxoko barrutiko hainbat kokalekutan emanaldiak antolatzen dira, kanpoko eta bertako konpainien eskutik.