Nondik eta zeri kantantzen diogun hausnartu dute Bertsolamintza jardunaldietan
Bi astez lau saio antolatu dira eta larunbatean itxi zituen ateak zazpigarren edizio honek, aurtengo egitaraua errepasatuz
I. A.
Donostia
Asteartea, 26 martxoa 2024, 12:08
Bertsolaritzako hausnarketarako plazak, Bertsolamintzak, zazpigarren edizioa amaitu berri du. Villabonako Subijana etxea jendez bete zen jardunaldien azken saioa jarraitzeko larunbatean. Bertan, aurreko lau saioetako hizlari guztiak batu ziren, edizioko egitarau osoa errepasatzeko.
Eli Pagolak eman zion ongi etorria jardunaldiari, Bertsolamintzako batzordekide den heinean. Jarrain, Aner Peritz Manterola Euzkitze aritu zen goizaren lehen zatiko hizlariak aurkezten. Horrela, bada, Ainhoa Urienek eta Maialen Akizuk eman zuten lehen hitzaldia, 'Diskurtso guztiak errespetagarriak dira?' izeburupean. Euren ostean, Jexux Mari Irazuren txanda izan zen, 'Libreko bertsogintza. Kokapena, aukerak eta mugak' hitzaldiarekin. Gai bati buruz kantatzeko zilegitasunaz aritu zen Maider Arregi. Eta bere ostetik etorri ziren Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran, egoera sozio-politikoari kantatzen zaion edo ez hausnartzeko.
Iritzi trukerako pausaren ondoren, Ainhoa Agirrezaldegi aurkezle zutela, Julio Soto eta Imanol Artolak hartu zuten hitza, gai-jartzaile autoreaz berba egiteko. Ostetik heldu ziren Oihana Arana 'Bertsolaritza ideologikoki lerraturik dago?' hitzaldiarekin eta Onintza Enbeita 'Botere harremanak. Bertsolariaren itzalaren eta generoaren eragina bertsoaren balioespenean' hitzaldiarekin.
Mahai inguru batek itxi zuen goizeko egitaraua. Bertan Unai Iturriaga, Sarai Robles, Aitor Salegi eta Oihane Perea aritu ziren, bertso-eskolez: zehazki, bertso-eskoletan gaien eta ideologiaren lanketarik ba ote dagoen jorratu zuten. Beñat Gaztelumendik eman zion agurra aurtengo edizioari, berau ixteko hitzartzean.
Hitzaldien txanda amaituta, bazkaria zain zuten hizlari zein entzuleek, Villabonako Behar Zana elkartean. Eta hori bukatuta, Sustrai Colina eta Miren Artxetxeren bertso saioa, Eli Pagola gai-jartzaile zutela.