Lizartzako historia ezagutzeko bidean
Agurtzane Núñez
Larunbata, 26 ekaina 2021, 22:18
Ezagunak dira Lizartzak inguruan dituen aztarna historikoak eta paisaia ederrez gozatzeko aukera ematen duten ibilbideak. Biak batuz, herriko mugen barruan dauden gune arkeologiko interesgarriak eta beren historia ezagutzeko ibilbide gidatua egin zen, Akerbeltz espeleologia taldeak eta Lizartzako udalak elkarlanean antolatuta. «Lizartzako espeleologia katalogoa berritzen ari gara eta azken bi urteetan egin dugun lana herritarrei ezagutarazi nahi genien», dio Iñaki Alonsok, espeleologia taldeko ordezkariak.
Goiz osoko ibilbidean Axurdariok gordetzen duen ondarea ezagutzeko aukera izan zen. Gainean bi dolmen daude, mendiaren izena daramatenak. Akerbeltzeko kideek, dena den, kobazuloetan dute jarrita begia. Gaur egungo katalogoan agertzen direnak errepasatu, nola dauden ikusi, eta ibilbidearen erradiografia egiten dute teknologia berrienak baliatuz. «Lizartza inguruan koba asko daude, ez nuen espero hain sarrera handiak dituztenak aurkituko genituenik. Axurdarion ez dugu batere aurkitu, egongo diren arren», dio Alonsok, azalduz «ingurua kareharrizkoa da, oso zaharra, eta koba asko eroriak egongo dira, sarrera estalita egongo da, eta metro gutxikoak izango dira».
Bilaketa ez da erraza izaten, koordenadak ez baitira guztiz zehatzak eta bidetik koba berriak ere aurkitu dituzte, baita bestelako ondare arkeologikoa, karobiak kasu. «Egin beharreko lana aprobetxatuz bidean aurkitzen dugun ondarea markatzeko aprobetxatzen dugu. Lizartzarrek zer ziren ere ez zekiten hiru karobi aurkitu ditugu, baita beste puntu batzuetan oso egoera txarrean dauden karobi batzuk, edota txabola-hondo baten arrastoak», adierazten du.
Beren lanaren osagarri, balizko aurkikuntza arkeologikoren bat dutenean Jesus Tapia arkeologoarengana jotzen dute. «Aranzadiko kidea da, Gordailuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lan egiten du, eta berak badaki zer egin kasu horietan, behar diren baimenak, eta abar. Guk abisua pasatzen diogu», dio. «Gero eta gehiago bilatu aukera gehiago izango dugu zerbait aurkitzeko, eta orduan, bide onetik goazela esan nahiko du».
Desgaituentzako aulkiak
Axurdariora egin zuten ibilbide gidatuan desgaituak diren pertsonak mendira joateko bi gailu aurkeztu zituzten Montes Solidarios elkarte gasteiztarraren eskutik: erruberadun aulkia eta ikusmen arazoak dituztenentzako gidatzeko barrak. «Taldean denbora daramagu horrelako bat ekartzeko ideiarekin. Espeleologia talde bezala hasi ginen baina jendeari mendia erakustea ere gustuko dugu, eta desgaituak direnak bereziki esker onekoak dira», azpimarratzen du Iñaki Alonsok.
«Ibilbidera ez zen pertsona desgaiturik joan zoritxarrez, baina probatzeko aukera izan genuen eta erantzun oso ona izan zuen», azaltzen du Alonsok. Gurpil bakarreko aulkian eserita doan pertsona ia momenturo zuzen eserita joatea ahalbidetzen du, «baita aldapatan ere. Bi pertsonen artean eraman behar da, arnesekin, eta gidatzeko barrak ditu. Aldapa gogorrenetan bi pertsona joan ohi dira aurretik».
Ikusmen urriko pertsonentzako barra, berriz, esperientzia ezberdina izan zen. «Aurrean eta atzean doazen gidariek momentu oro doaz esaten nola zapaldu, burua jaitsi behar duzun… asko fidatu behar zara beraietaz. Normalean entzumenarekin lotutako ibilbideak egiteko erabiltzen dituzte, txorien kantuak identifikatzeko eta antzeko irteerak», dio.
Erabiltzeko errazak direnez, «elkartean Tolosalderako bat ekarri nahi dugu urte amaierarako, behar duenak erabili ahal izateko. Mendizaleak izan diren familiatan kideren baten desgaitasunagatik mendira elkarrekin joan ezin direnak badaude, eta bi pertsonek erraz eraman dezakete, adibidez, Zazpi Bidetatik Leabururaino doan bidean», adierazten du. Jada hurrengo proba pentsatuta dute: «Axurdariora joateko igo genituen aldapak ikusita, Uzturrera joateko edo Belabietako itzulia egiteko arazorik ez da egongo, ea abuztuaren ondoren egin dezakegun. Zailtasun gehiagoko ibilbideetarako, maneiatzen ikasteko ikastaroa antolatu nahi dugu, irailean edo urrian».