Kirola eta emakumeak, eskutik
'Emakumeok Mugimenduan' programak Hiru Hondartzetako Krossean parte hartzea bultzatu nahi du jarduera sorta bat diseinatuz
I. A.
Donostia
Astelehena, 18 abuztua 2025, 13:20
Donostiako Hiru Hondartzetako Krossean 4.000 partaide inskribatu ziren iaz eta horietatik erdia emakumeak izan ziren, 2012 hain zuzen. Bada aurten, berdintasunaren helburuan beste aurrerapauso bat egin nahi du lasterketak, emakumeen % 55eko parte-hartzea lortuta. Datorren urriaren 12an XXXV. edizioa ospatuko du probak.
Horretarako, prestakuntza fisikoa, formazioa eta motibatzeko laguntza biltzen dituen jarduera sorta bat diseinatu da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Departamentuak sustatzen duen 'Emakumeok Mugimenduan' programaren bitartez, krossean parte hartu nahi duten emakumeak animatu eta prestatzeko.
Jardueren artean, zortzi asteko entrenamendu programa diseinatu da, bi intentsitate mailarekin eta korrikalarientzat indarra eta mugikortasuna lantzeko berariazko errutinekin, azalpen bideoekin osatuta. Bestalde, aurrez aurreko bi entrenamendu ere aurreikusi dira, irailaren 22an eta urriaren 6an izango direnak, Apalategi Woman dendan (Gipuzkoa plaza) hasi eta amaituta. Azkenik, bi hitzaldi ireki antolatu dira Kirol Etxean; lehena irailaren 15an, 'Korrika egitea eta zoru pelbikoa' izenburupean, eta bigarrena irailaren 29an, 'Indarra eta lasterketa' gaiak jorratuko dituena.
Ekimen hauek adin guztietako emakumeei bideratutak daude, korrika egiten hasten direnei nahiz hobetu edo berriz kirola egiten hasi nahi dutenei.
Donostiako Jakintza Atletismo Klubak eta Producción Tritón Eventos Deportivos y Culturalesek antolatzen dute Hiru Hondartzetako Krossa eta espero da aurten 4.000 korrikalarik hartuko dutela parte. Irteera Satrustegi hiribidean izango da, Antigua auzoan, eta helmuga, Irutxulo Pasealekuan, 10 km-ko ibilbidea burutu ondoren.