Ipar Euskal Herriko euskarazko poesiaren argiak eta itzalak aztergai
Irailekoak egitasmoaren bigarren aldian izango da Euskaltzaindiak antolatutako jaialdia iragarri dutenez, Itsasuko Herriko Etxearekin elkarlanean eta Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Kultur Erakundearen babesarekin.
A. Mariezkurrena
Donostia
Domingo, 15 de septiembre 2024, 18:50
Euskaltzaindiak poesiari lotutako jaialdia antolatu du berriz, Itsasuko Herriko Etxearekin elkarlanean eta Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Kultur Erakundearen babesarekin. Horrela, irailaren 28an eta 29an izango da aurtengo Irailekoak. Irailekoak egitasmoari esker, Itsasuko herria euskal poesiaren hiriburu bilakatuko da bi egunez, hain zuzen, irailaren 28an eta 29an. Euskaltzaindiak, literaturari dion atxikimendua adierazte aldera, poesiari eskainitako asteburu bat antolatuko du bigarrenez Lapurdiko txoko eder horretan. Itsasuko Herriko Etxearekin batera egin du, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Kultur Erakundearen babesarekin.
Aurtengo jaialdia (iazkoa Lekeition antolatu zen) irailaren 28an, egun osoz, eta 29an, goizez, izango da, eta olerkari, musikari, itzultzaile eta ikertzaile ugarik parte hartuko du bertan. Egitasmoaren nolakotasunak Andres Urrutia euskaltzainburuak laburbildu zituen aste honetan, Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko ordezkaritzan eginiko agerraldian. «Irailekoak-en helburuak ez dira aldatu: euskal poesia sustatu eta euskal poetei beste plaza bat eskaini —plaza bizi eta erakargarri bat— beraien lanak ezagutarazteko», esan zuen. Urrutiarekin batera, Mizel Hiribarren, Itxaro Borda eta Pantxoa Etchegoin izan ziren prentsaurrekoan.
Bestetik, zera azpimarratu nahi izan du Urrutiak, hots, Euskaltzaindiak euskal kultura sustatzeko duen joera berezkoa: «Norbaitek esan lezake honelako ekintzak antolatzea ez dela Euskaltzaindiaren funtzio berezkoa, printzipioz berari dagokionari ekin beharko liokeela, hau da, hiztegigintzari, lexikografiari, toponimiari eta abarri... Eta horretan bagabiltza. Baina gogoratu behar da, baita ere, Akademiak betidanik izan duela euskal kultura sustatzeko bokazioa eta grina, bere hastapeneko helburuetatik gaurdaino. Euskal Herriko Bertsolarien sei txapelketa nagusi antolatu zituen bere garaian Akademiak; besteak beste, EIZIEren eta Euskal Idazleen Elkartearen sorrerak bultzatu zituen, euskarazko lehen agiriak banatu zituen, eta abar. Beraz, erabat naturala da Euskaltzaindiarentzat Irailekoak bezalako egitasmo bat antolatu eta sustatzea. Beste horrenbeste esan daiteke Bilbon antolatzen dugun Lautan Hiru antzerki-jaialdiari buruz ere».
Egitaraua oparoa
Itxaro Borda euskaltzain osoak azaldu zituen egitarauaren nondik norakoak, eta nabarmendu zuen sarrera libre eta doakoa izango dela ekitaldi guztietara: «Lehenengo egunean, irailak 28 dituela, Ipar Euskal Herriko poesiaren nondik norakoak aztertuko ditu Katixa Dolhare-Zaldunbide irakasleak, Sanoki gelan. Hitzaldi mamitsu eta zinez interesgarria izanen da. Ondoren, Itsasuko Gaineko plazan, poesia-irakurraldia izanen da Anjel Erro, Maddi Sarasua eta Harkaitz Canorekin, ekitaldia Pantxix Bidarte musikariak girotuko duela. Arratsaldean, Munduko Poesia Kaierak egitasmoari emango zaio bide, emanaldi ibiltari batekin. Egun berean, baina gauez, kontzertu bikoitza antolatu dugu, hain zuzen, Maddi Oihenart eta Jérémie Garatek eta Alidé Sansek emango dutena. Itsasuko elizan izanen da, eta azpimarratu behar dut Alidé Sansek estreinakoz ematen duela kontzertu bat Euskal Herrian, beraz, beste aitzakia eder bat asteburu horretan Itsasura hurbiltzeko».
Azkenik, Itxaro Bordak gogoratu du Irailekoak-en euskal poeten lana gizarteratu nahi dela batez ere, baina beste bazter batzuetako poeten lana ahantzi gabe: «Zentzu horretan, mintzaldi interesgarria emango du Sergi Javaloyes idazle eta itzultzaileak Itsasuko haurtzaindegian (Elizaldean), bertan okzitanierazko literatura aztertuko duela sakonki. Ondoren, irakurraldi elebiduna izanen da toki berean, Aurelia Lassaca poeta okzitaniarraren eta Coralie Nazabal musikariaren eskutik».
Bestelako hitzorduak
Irailekoak jaialdiaren bitartez, euskal poeten lana gizarteratu nahi da. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere parte hartuko dute. Horren haritik, okzitanierazko literatura aztertuko du mintzaldi batean Sergi Javaloyes idazle eta itzultzaileak, eta irakurraldi elebiduna ere izango da, Aurelia Lassaca poetaren eskutik.
Bestalde, Itsasun poesiari presentzia handiagoa emateko, udaldian garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko erakusleihoak eta Herriko Etxea bera. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsi dira. Gainera, eta iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkariaren bigarren zenbakia plazaratuko da, «oroigarri intelektual-poetiko gisa». Aurten, Christine Etchevers Baionako margolariak edertu du jaialdian parte hartzen duten poeta eta ikusleen artean banatuko den argitalpen hori.