Haurrak ere prest Jazzaldiaz gozatzeko
Txikijazz jaiadiak bost kontzertu antolatu ditu, baita tailerrak
I. Altuna
Donostia
Astelehena, 21 uztaila 2025, 19:08
Jazz doinuek Donostia hartuko dute datozen egunetan. Jazzaldiak bere 60. edizioa ospatuko du eta igandera arte 88 kontzertu ospatuko dira 12 agertoki desberdinetan. Trinitate Plaza, Kursaal-a edo Zurriolako hondartza izango dira eszenatoki garrantzitsuenak, musika eskaintza anitzarekin. Jamie Cullum, Brad Mehldau, Marc Ribot, Chris Potter, Steve Coleman, Marco Mezquida, Bulego edo Anari izango dira gonbidatuetako batzuk.
Baina etxeko txikienek ere izango dute jazz doinuekin gozatzeko parada, Txikijazzaren edizio berri batetan. Uztailaren 22tik 27ra familiek musikaz eta arteaz gozatu bitartean partekatu eta ikasteko gunea da hau, eta hiru agertoki izango ditu: Kutxa Fundazioa Tabakaleran, Chillida Leku,
eta Fnac Gunea Kursaaleko terrazetan.
Guztira, haurrentzako musika-jaialdi honek bost kontzertu eskainiko ditu, horietatik bi Chillida Lekun. Ostiralean Claire Martin izango da (12.30) eta larunbatean Arima Soul taldea (12.30). Bi emanaldi hauekin batera tailerrrak izango dira Maushaus eta Kukutras Taldearekin.
Tabakaleran beste bi kontzertu izango dira. Asteazkenean Old School Funky Family taldearen txanda izango da (12.00) eta ostegunean Irati Bilbao jazz abeslari bizkaitarrak eskainiko du kontzertua (12.00). Bi egun hauetan, jazz instrumentuak eta murala zuzenean egiteko tailerra ere egingo da.
Txikijazz jaialdiari amaiera emango dio igandean The Amy Winehouse Band talde britainiarrak Kursaal terrazetan (Fnac Gunea) eskainiko duen kontzertuarekin (12.00).
Bestalde, asteartetik ostegunera, arratsaldez, San Martin Merkatuko Fnac Forumean Musika familian kontzertu-tailerra burutuko da hiru egunez, 18.00etatik 19.00etara.
Kontzertuetarako eta tailerretarako sarrera doakoa eta librea da, edukiera bete arte, Chillida Lekun programatutakoak izan ezik, horietarako sarrera bat erosi behar da.