Gidoiak garatzeko laguntza jasoko dute gidoilari gazteek
GIDOI Mentoring Senior supports junior programan proposamenak aurkezteko epea uztailaren 29 arte dago zabalik
I. A.
Donostia
Larunbata, 26 uztaila 2025, 18:22
Euskal Herriko Gidoigileak elkateak (GIDOI) berriz ere GIDOI Mentoring. Senior supports junior, deialdia zabaldu du, film luze baten ideia garatu eta gidoi tratamendu sendoa bihurtzeko talentu berriei laguntzeko programa. Deialdian izena eman nahi duten gidoigile berriek uztailaren 29a, 12.00ak baino lehen aurkeztu beharko dute bere proposamena.
Programa honen helburua da talentu berrien artean zinemarako idazketa sustatzea eta babestea eta talentuen ihesa saihestuko duten gazteentzako egiturak sortzea. Aldi berean, elkarteko bazkide junior eta seniorren arteko sinergiak sustatu nahi dira eta gidoilari berriei beharrezko tresna sortzaileak eta laguntza profesionala ematea, beren proiektua Eusko Jaurlaritzaren Gidoi Idazketarako Laguntzen deialdira aurkezteko, 2025eko abendua erdialdean.
Horretarako, hautatutako gidoilari gazteari GIDOIko gidoilari senior batek film luzearen ideia garatzen lagunduko dio (gutxienez zinema-aretoetan, plataformetan edo telebistan modu komertzialean estreinatu den film luze edo serie baten kredituetan agertzen den gidoigilea).
Tutoretza-saioak online hiru hilabetez izango dira, 2025eko iraila erdialdetik abendu erdialdera.
Deialdira onartuko diren proiektuak fikziozko film luzeak edo dokumentalak izango dira, guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza koofizialetan idatziak. Ideiek originalak izan beharko dute, ez baita egokitzapenik onartuko ezta garatu ez diren ideia argitaragabeak. Ezin izango dira inskribatu edozein erakunde publiko edo pribaturen aurreko deialdietan aurkeztutako proiektuak, ezta beste mentoretza-programa edo laborategi batzuetan parte hartu dutenak ere.
Bigarren edizioa
GIDOI Mentoring. Senior supports junior programaren lehen ediziora, 2024an, bi gidoilari junior hautatu ziren: Nitya Lópezek Asier Guerricaechebarriarekin ('70 Binladens', 'Ihesaldia', 'Errementari') garatu zuen bere proiektua eta Elene Mengyuk, Estibaliz Urresolarekin lan egin zuena ('20.000 erle-espezie', 'Cuerdas').
Guztira 27 proiektu aurkeztu ziren 2024ko deialdian (26 fikziozkoak eta dokumental 1), hiru euskal probintzietako 30 gidoilarirenak (11 emakume eta 19 gizon). Zazpi proiektu euskaraz idatzita zeuden.