Finaleko seikotea erabakita geratu da
Asier Otamendi, Aroa Arrizubieta, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Paula Amilburu eta Peru Abarrategi izango dira martxoaren 16an Gasteizen jokatuko den finalean
DV
Donostia
Igandea, 3 martxoa 2024, 18:59
Arabako Bertsolari Txapelketak ezagutzen ditu finala jokatuko duten sei bertsolarien izenak. Asier Otamendik irabazi du Dulantzin jokatu den finalerdia, finalerako bigarren txartel zuzena bereganatuz. Lehenengoa Manex Agirre aramaioarrak eskuratu zuen Aramaion jokatu zen lehen finalerdian. Eta bi bertsolari hauekin batera, Aroa Arrizubieta, Iñaki Viñaspre, Paula Amilburu eta Peru Abarrategi izango dira Gasteizko finalean, lortutako puntuazioari esker.
Arabako Txapelketako bigarren eta azken finalerdia larunbata honetan jokatu da Dulantzin, bertako Kultur Etxean. Bertsotan Aroa Arrizubieta, Asier Otamendi, Izar Mendiguren, Paula Amilburu, Xabi Igoa eta Aitor Ugarte aritu ziren. Azkenik Asier Otamendi izan zen garaile 366.5 punturekin, eta atzetik Paula Amilburu (353.5), Aroa Arrizubieta (352.5), Xabi Igoa (346.5), Aitor Ugarte (339) eta Izar Mendiguren (303).
Urtarrilaren 28an abiatu zen Arabako Bertsolari Txapelketa 18 bertsolarirekin: 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zuten bost finalistak (batek ez zuen izenik eman) eta 2023an jokatutako kanporaketetan sailkatu ziren 13ak. Horietatik 12 pasatu dira finalaurrekoetara eta sei bertsolari igoko dira oholtzara martxoaren 16an Gasteizko Printzipal Antzokian jokatuko den final handian.
Finalerako sarrerak dagoeneko salgai daude, Printzipal Antzokiko leihatilan, asteartetik ostiralera, 17:30etik 19:30era (jaiegunak salbu), eta larunbatetan 11:30etik 13:30era (salmenta telefonoz egiteko aukera ere izango da 945 161 045 zenbakira deituz). Finalaren egunen, saioa hasi baino 2 ordu lehenago ere, bertan eskuratzeko aukera izango da.