Eta euskaraz egiten badugu?
Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea zabalik da urriaren 19ra arte
I.A.
Donostia
Astelehena, 6 urria 2025, 12:59
Euskaraz aritzeko guneak eskaintzea helburu duen mintzapraktika egitasmoak ikasturte honetan ere hainbat aukera eskainiko dizkie euskara praktikatu nahi dutenei. «Euskararen erabileran jauzi bat egin behar dugun momentu honetan», Donostiako Bagera elkarteak mintzalagun izan nahi dutenentzat izena emateako epea zabalik du, urriaren 19ra arte.
Donostian 300dik gora lagunek parte hartzen dute ekimen honetan, eta Euskal Herri osoan 8.000 inguruk. Egitasmoraren funtzionamendua oso sinplea da: euskara praktikatu nahi duen lagun talde bat haiekin astean ordu betez euskaraz aritzeko prest dagoen pertsona batekin elkartzen da (lagutnzailea), kafe baten bueltan edo beste egoeraren batetan: ibilaldiak eginez, mendi buelta bat emanez, guraso direnekin elkartuz, antzerkira joanez, korrika eginez, bizikletan ibiliz, mahai jolasetan arituz…
Mintzalagunak, «euskal hiztun berriak mingaina dantzan jartzera laguntzen ditu, ezagutza eta erabileraren arteko jauzi hori era progresiboan eta segurtasunez ematen lagunduz», gogoratzen dute Bagera elkartetik. Mintzalagunean dabiltzan laguntzaileek «ekarpen oso garrantzitsua egiten diote euskararen biziberritze prozesuari», azpimarratzen dute. «Benetako aktibista linguistikoak dira eta musutruk, modu boluntarioan eta bere onena emanaz egiten dute ekarpen hau, behar beharrezkoa dira erabileran aurrerapausoak ematen jarraitzeko».
Mintzalagunean euskara praktikatu nahi dutenek, gutxienez B.1 maila gaindituta izan behar dute. Taldeko laguntzaile izateko, aldiz, nahikoa da euskaraz aritzeko ohitura izatea, ez da titulurik behar eta norberaren hizkera nahiko da. Bagera elkarteak, Donostiako udalarekin duen hitzarmenari esker, euskara praktikatu nahi dutenek, Mintzalagunean aritu daitezke 30 euroren truke.