EHUren Euskararen IV. Plan Gidariak euskara indartu nahi du graduondokoen eskaintzan
Gaur egun unibertsitateko irakasle elebiduna %66 dira
I.A.
Donostia
Larunbata, 15 ekaina 2024, 17:49
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Euskararen IV. Plan Gidaria onartu du aste honetan, kontrako botorik gabe. Besteak beste, graduondokoen eskaintzan euskara indartzea, hizkuntzaren erabilera soziala sustatzea eta digitalizazioa izango dira 2027ra arte indarrean egongo den plan berriaren funtsezko helburuetako batzuk.
Gaur egun, EHU-n euskaraz ematen dira gradu eskaintzaren nahitaezko irakasgaien %96,5, lanaldi osoko irakasleen plazen %70 elebidunak dira, eta irakasle elebidunak %66 dira.
Bada, hirugarren planaren ebaluaziotik abiatuta egin da plan berria, EHUren 2022-2025 aldirako Plan Estrategikoaren jarraibideak kontuan harturik. Horrela, Euskararen Plan berrian sartu dira Plan Estrategikoan jada finkaturiko bost helburu: euskararen eskaintza zabaltzea master lanbideratzaileetan; euskara sustatzea berezko tituluetan eta etengabeko prestakuntzan; euskaraz eginiko ikerketa indartzea eta ikerketa hori zabaltzea beste hizkuntza batzuetara; kultura zientifikoa eta humanistikoa gidatzea gizartean, arreta berezia jarriz euskal kulturan; pertsonen egokitzapena eta prestakuntza indartzea.
Eva Ferreira EHUko errektorearen hitzetan, «euskal unibertsitate publikoa funtsezko eragile izan da eta izaten jarraitzen du euskararen biziberritzean. Irakaskuntzaren eta ikerketaren bidez, baina baita zientziaren dibulgazioaren edo bibliografiaren eta material didaktikoen argitalpenaren bidez ere, gure unibertsitateak berebiziko lana egin du euskal hizkuntzak bere lekua izan dezan zientzian, teknologian, osasun zientzietan edo gizarte zientzietan».
«Plan berri honen bidez, zeregin hori indartu ez ezik, helburuak ere zabaldu nahi ditugu, eta gure ekarpena egin euskaren normalizazioari, lan munduan, aisialdian eta hedabideetan», gaineratu du.
Bada, EHUren Euskararen IV. Plan Gidariaren lau ardatzak Plan Estrategikoaren ardatz berberak dira, hau da, prestakuntza, ikerketa eta transferentzia, kultura eta gizartea, eta pertsonak.