Booktomer lehiaketako publikoaren bozka fasea martxan
Abenduaren 10a arte bozkatu ahalko da gustuko bideoaren alde
DV
Osteguna, 2 abendua 2021, 12:32
EAEko booktube, bookstagram eta booktok lehiaketa amaitzear da. Zortzi hautagaiek bidalitako liburu gomendioak jaso ostean epaimahaiak erabakiko du nortzuk izango diren V. edizioko liburuen influencer onenak eta publikoak bere garailea hautatzeko aukera izango du. Horretarako Booktuberboom Youtube kanaleko V. Edizioko erreprodukzio zerrendan sartu eta 'gustuko dut' sakatu beharko da abenduaren 10a arte.
Liburuak sare sozial berrienetan partekatu eta zabaltzeko fenomenoak sortu ostean Booktuberboom lehiaketa eraberritu zuten antolatzaileek eta 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako Bookstagram eta Booktok ekimenak gehitu. Aurreko edizioetan bezala, parte hartzaileek euskarazko liburu bat irakurri eta horri buruzko booktube bat sortu behar izan dute
Beste urteetan hainbat aurpegi ezagun animatu ziren booktuberren azalean jarri eta haien gustuko liburuak gomendatzera, besteak beste, Zuriñe Hidalgo abeslari eta aurkezlea, Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga aurkezle eta umoristak, Olatz Salvador musikaria edota Iholdi Beristain aktore eta abeslaria.
Euskadiko Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri Elkarteak antolatu duten lehiaketan parte hartzeko epea pasa den azaroaren 26an amaitu ostean, orain epaimahaiaren eta publikoaren unea da hautagaiak aztertu eta sarituak erabakitzeko. Lehenak sari nagusiak banatuko ditu, esaterako: booktuber lanetan jarraitu ahal izateko materiala (kamera, mikrofonoa eta tripodea) eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonua. Bigarren sari bat ere izango da, GoPro kamera eta liburu eta diskotan gastatzeko 100 euroko bonua. Publikoaren saria, aldiz, bi lagunentzako abentura txangoa izango da.