Bertso Udalekuetan izena emateko epea martxoaren 6an zabalduko da
Amaiurren, Irañetan, Zuhatzan eta Larraulen izango dira Bertsozale Elkarteak antolatuta, 9 eta 18 urte arteko gazteentzako
Itziar Altuna
Donostia
Larunbata, 25 otsaila 2023, 12:21
Uda iristeko lau hilabete falta diren arren, guraso asko hasiak dira pentsatzen beren seme-alabak zein jardueretan inskribatu. Hainbat udalekuk etxetik kanpo zenbait egun igarotzeko aukera eskaintzen dute, esperientzia berriak biziz eta baita ikasten jarraituz, beti ere giro atsegin eta dibertigarrian. Hori da Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen udalekuen kasua. Urtero udalekuak antolatzen ditu euskal herri osoko haur eta gazteei zuzenduak.
Aurten eskainiko diren bertso udalekuetan izen emateko epea martxoaren 6an zabalduko da. Bertso-eskolako kideentzat edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat zabalduko da lehenik atari honetan, martxoaren 6an goizeko 10:00etatik, martxoaren 20ko 12:00ak arte. Gainerako kideek martxoaren 24tik apirilaren 17ko 12:00etara izango dute aukera.
Urteroko hitzordua izaten da askorentzat Bertso Udalekuena. Aurtengoan ere adin desberdinetako gazteentzat antolatu ditu Bertso Udalekuak Bertsozale Elkarteak. Bertan, parte-hartzaileek bertsolariekin zuzeneko harremana izaten dute, izan ere bertso afaria egiten da, eta gaztetxoek aukera dute beren erreferente direnekin hitz egiteko eta bertsotan jarduteko.
Lau txanda
Izen-emate ordena eta lurralde aniztasuna aintzat hartuta lau txanda osatuko dira 9 eta 18 urte arteko gazteentzako. Amaiurren, Irañetan, Zuhatzan eta Larraulen izango dira eta txanda bakoitza adin jakin bati zuzenduta dago. Honela, Amaiurko aterpetxeak 16-18 urte arteko gazteak hartuko ditu, 2005-2007 artean jaiotakoak, uztailaren 8tik 17ra. Irañetako aterpetxeak 12 urtekoak hartuko ditu, 2011 urtean jaiotakoak, uztailaren 18tik 24ra. Zuhatzan 9-11 urteko gaztetxoak elkartuko dira, 2012-2014 urteetan jaiotakoak, uztailaren 24tik 28ra bitartean, eta azkenik Larraulgo aterpetxean 13-15 urte artekoen udalekua izango da, 2008-2010 urteetan jaioak, uztailaren 25etik 31ra.
Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin. Izen-ematea www.bertsozale.eus atarian egokituko den izen-emate orria beteaz egin beharko da. Haur edo gazte bakoitzak txanda bakarra aukeratu ahal izango du. Maiatzaren 8rako erantzungo zaie izena eman duten guztiei udalekuetan parte hartzeko aukerarik ote duten.