Europako Parlamenturako hauteskundeen emaitzak ikusita, derrigor etortzen zait gogora Stefan Zweig. Zer pentsatuko luke austriar idazleak eskuin muturraren gorakada ikusita, batez ere Alemanian eta Austrian? Bere gauzak maletan sartu eta Europatik alde egiteko tentazioa izango luke berriz. Kosta egingo litzaioke sinistea bigarrenez akats berberak errepikatzen ari garela, denboran atzera, II. Mundu Gerra aurreko giro eta testuingurura, itzultzen ari garela poliki baina pauso sendoz, gertatutakotik irakaspenik atera izan ez bagenu bezala.
Orduko sintoma berak errepikatzen ari dira: demokraziarekiko mesfidantza, demagogia, nazionalismoen eta muturreko ideologien gorakada, gerra eta hautura hotsak… Eta badakigu zer etorri zen ondotik. Historiako edozein esku-liburutan dago hori. Esaeraren arabera, gizakia omen da harri berarekin birritan eta ezin konta ahala aldiz estropezu egiten duen izaki bakarra. Eta, tamalez, ez du bakarka egiten, jende askoren konpainian baizik. Baina esamoldea okerra da: gizakia bera da harria.
Montaigneri buruzko bere biografian, Zweigek pentsalari frantziarraren «ni intimoena» nabarmendu zuen, hari eusteko gai izan zelako, garaiko apar uher eta pozoitsuaren eraginetik kanpo. «Gauza eta pertsona ororen aurka aske mantentzen denak bakarrik handitzen eta babesten du munduaren askatasuna». Ez da nolanahiko erronka, baina deika ari zaigu. Montaigne edota Zweigengandik gaur egunera arte iristen den Europaren ondarea, gure ondarearen maleta.