Borrar
Xabier Amurizak ostegunean aurkeztu zuen liburu berria. :: UNANUE
Xabier Amuriza, Bertsolari eta idazlea

«'Ebidentzia' hitza ez dute onartu, baina onartu beharko dute»

'Zazpi ebidentzia birjaiotzarako' liburua plazaratu du Xabier Amurizak

FELIX IBARGUTXI

Domingo, 14 de octubre 2012, 12:06

'Zazpi ebidentzia birjaiotzarako' liburua plazaratu du Xabier Amurizak. Orain dela bi urte atera zuen 'Euskara batuaren bigarren jaiotza' haren halako jarraipen bat da, «haren bertsio zentratuago bat», egilearen hitzetan esanda.

- Zure tesia da Europa mailan badagoela lexiko-ondare komun handi bat eta euskarak ere biltegi horretatik edan behar lukeela. Alegia, 'anbizio' esan beharko genukeela, espainolez, frantsesez, portugesez eta ingelesez antzeko hitza dagoelako: ambición, ambition, ambiçao eta ambition.

- «Europa mailan» esatea gehiegi litzateke. Diogu geure inguruko hizkuntza handien mailan. Lau hartzen ditut komuntasunaren eremutzat, baina hortxe daude baita galegoa, katalana, italiera... eta ez dakit zenbat gehiago eta noraino. Dudarik ere ez 'anbizio' esan behar genukeela eta bera dela gure «euskal» hitza. Baina hori eta beste batzuk adibide bat besterik ez dira, milaka hitzetan zer egiten ari garen erakusteko. Eta, noski, baita salatzeko ere. Ordain «argi eta bereizi» bat ez dugunean, lexiko-ondare komun horretan geu ere partaide garela eta izan behar dugula defendatzen dut.

- 2000 hitzeko sorta osatu duzu, zure ustez euskal hiztegian egon beharko luketenak.

- Ez dira, beharbada, den-denak zapla hiztegiratu beharrekoak. Nik lagin oso zabal bat eman dut, gure inguruko hizkuntza handietan nolako batasun edo komuntasun lexikala garatu den ikusteko. Baina 2000ko hitz sorta hori hamar edo hogei milako bihur liteke, hiztegien hustuketa osoa eginez gero.

- Hitz batzuk gaitzetsi zenuen propio liburuaren aurkzepen-ekitaldian: adibidez, 'eraginkortasun'.

- «Gaitzetsi» ez dut ezer gaitzesten, baina bai desegoki ikusten. 'Eragin' hitzaren esanahiak sinonimo urrunak dira "efikazia-efizientzia" kontzeptutik. 'Eraginkor', bere garapen naturalean, «influyente, activo...» edo horrelako zerbait litzateke. 'Eragile'-ren antzeko zerbait, atzizki ezberdinek damaieten ñabarduran. «Efikazia-efizientzia», gure inguruko hizkuntza handietan, hitz komun eta kontzeptu oso zehatzak dira. Bakoitzak berak daki zer egin, baina nik «la eficiencia de un sistema» aurkitzen badut, ez dut itzuliko «sistema baten eraginkortasuna», baizik «sistema baten efizientzia». Eta, noski, niretzat «lanean eraginkorra izatea» eta «lanean efikaza-efizientea izatea» oso gauza diferenteak dira.

- 'Zigorgabetasun' hitzarekin ere egin duzu topo. Ez duzu batere atsegin.

- Joan zen igandean, Elgetan, gerraren oroimen ekitaldi bat antolatu zuten. Bertso batzuk kantatzera joan nintzen. «Zein da nabarmendu nahi duzuen mezu nagusia?», galdetu nuen, eta batek: «Batez ere, behar dugu... (paperera begiratu zuen, hitza ez baitzetorkion)... zigorgabetasunarekin bukatu». Galdetu nion: «Inpunitatea?». Eta berak: «Bai, bai! Baina hori esan dezaket?». Agindu nion: «Esan dezakezu, ez. Esan behar duzu!». Pozik entzun zuen eta 'inpunitatea' irakurri zuen. Nola ez, ba?

- Liburuaren izenburuan bertan badago hitz bat seguru asko autoritateek onartu ez dutena: 'ebidentzia'.

- Ez dute onartu, baina onartu beharko dute. Noiz? Datorren mendean? Ba, nik (eta euskaldun gehienek) hitz hori geure hitza dela uste dugu, oraintxetik eta aspalditik.

- Aurkezpen-ekitaldian zalantza goresten dutenen kontra mintzatu zinen.

- Liburuaren hitzaurrean diot: «Pentsalari onak ebidentziara iritsi nahi du. Pentsalari arina ebidentzia gainditzen saiatzen da». Zalantza metodo ona izan daiteke, ziurtasun batera iristeko, edo iristen saiatzeko. Zalantza bera, literatur iturri bezala, emankor izan daiteke, eta da, baina ondasun intelektual bezala, zalantza guztiak baino nahiago dut ziurtasun bat. Ziurtasunak ere aldagarri direla jakiteko bezain inozoa ez naiz, noski, baina zernahitan «zalantza permanentea» goraipatzen dutenak intelektual arinak iruditzen zaizkit.

- Non dago jatortasun eta garbizalekeriaren arteko muga?

- Ez da hainbeste muga kontua, irizpide kontua baizik. Hor duzu, adibidez, Placido Mugicaren hiztegia, 1965ekoa. Nik neuk, idaztean, sarritan jotzen dut bertara, halako biltegi handi bat bezala. Baina badakit haren (eta antzekoen) irizpideak zein diren. 1) Hitz arrotzari, neologismo sistematikoa. Oso derrigor larrian aurkitu behar du, hitz arrotz bat onartzeko. 2) «Euskaldun fededun». Erlijioa, fedea, morala... hizkuntzaren gainetik daude. Beraz, harentzat: Prostituta = emagaldu, ematxar. Evolucionismo, darvinismo = darbinkeri. Eta horrela. Pentsaera hori, ez gutxi kostata, gainditu zen, nolabait. Baina zein dira oraingo irizpideak? Ni, neure saiakeran, oso irizpide labur eta zehatz bat aurkezten eta defendatzen saiatzen naiz.

- Aurreko liburua atera ondoren, izan al zenuen Euskaltzainditik edo euskaltzainengandik erantzunik?

- Ez nuen izan erantzunik, eta eskatu ere ez dut egiten. Ni ez nago Euskaltzaindiaren ez inoren aurka. Euskaltzaindiaren hiztegira maiz jo izan dut, eta jotzen jarraituko dut. Baina baita ere diot hiztegi horretan milaka hitz falta direla, sartuta dauden asko bezain «euskaldun» izatea merezi dutenak, eta beharrezko direnak. Argiago esanda, nahitaezko direnak. Eta animatzen ditut lehenbailehen sartzera ausar daitezen, zeren eurak ere jakitun egongo baitira hiztegi horrekin ezin dela etxeko ataritik urrun joan.

- Liburuan zure nobela berriko pasarte batzuk txertatu dituzu. Bertsolaritzat hartzen zaitugu guztiok, eta gutxitan akordatzen gara literatur idazlea ere bazarela, ez dakit zenbat nobelaren egile.

- Egia da, bai, eta horrek penatzen nau, baina badirudi nire patu txarretako bat dela. Liburu honetan txertatu ditudan pasarte luzeetan, nahi nuke irakurleak, ebidentzien argudioa ez bada, gozamen literario bat lor dezan. Hori gertatuko balitz, datorren urtean nobela osoa argitaratzen animatuko naiz, amaituta dagoena bera, '4 x 4 operazioa' izenez.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «'Ebidentzia' hitza ez dute onartu, baina onartu beharko dute»

«'Ebidentzia' hitza ez dute onartu, baina onartu beharko dute»