Ordizia
Oiangutarrek bigarren itzulian dute ipinita esperantzaGaur arratsaldean jokatuko dituzte jardunaldiko lehenengo bi partidak, emakumeek paleta gomaz eta gizonezkoek paleta larruz
Amaia Núñez
ordizia.
Osteguna, 2 urria 2025, 20:13
Gipuzkoako paleta gomazko eta paleta larruzko txapelketetako ligaxkak erdi aldera iritsi dira dagoeneko. Oianguko pilotariek bigarren zatiari begira dute ipinita esperantza kanporaketetara iristeko helburuarekin. Izan ere, gizonezkoen lehen mailako Otaegi-Garrido bikoteari sailkapena zaildu egin zaio azken jardunaldian 35-21 galdu ondoren Epleko Eskisabel eta Pichelen aurka.
Bigarren mailan, aldiz, aukera handiak dituzte. Aimar Etxeberria eta Zuhaitz Letamendiak osatutako bikotea joaneko hiru partidak irabazita, B multzoko sailkakepeko buru dago. Azken jardunaldian 35-34 irabazi zuten. Kategoria bereko beste bi bikoteek bigarren itzulian saiatu beharko dute multzo bereko bigarren postua eskuratu nahi badute.
Emakumezkoetan, Aldasorok eta Lopezek haien lehenengo garaipena eskuratu zuten, Beotibarko Aranburu eta Balerdiri 18-30 irabazita. Oraindik bi jardunaldi geratzen zaizkie sailkapen orokorrean gora egiteko. Gaztetxoek, berriz, partida ikusgarria eskaini bazuten ere, ezin izan zuten garaipena eskuratu.
Bigarren itzuliko hasiera
Asteburuan txapelketako bigarren itzulia hasiko dute gizonezkoek. Guztira bost partida jokatuko dituzte etxean Oiangu Pilota elkarteko jokalariek. Lehenengo norgehiagokak gaur bertan izango dira, ostiralarekin, Olaberriako udal pilotalekuan, 19:00etatik aurrera. Emakumezkoetan, Aldasoro eta Lopezek paleta larruz, Intxurreko Murua eta Olanoren aurka jokatuko dute aurreneko partidan eta, segidan, bigarren mailako Elorza eta Ormazabalek (Oiangu 2), Epleko Etxezarrena eta Martinez izango dituzte aurkari.
Larunbatean, goizeko 11:00etan hasita, lehenengo mailako partidua jokatuko da, Otegi eta Garrido Errepalako Brosa eta Irigoyenen aurka; eta arratsaldean, 16:30etik aurrera, beste bi partida egongo dira ikusgai Olaberrian: bigarren mailako derbia jokatuko dute Gonzalez-Oyarbide eta Etxeberria-Letamendiak. Ondoren, jubenilen mailan gaztetxoen paleta larruzko norgehiagoka izango da.
Era berean, asteburu honetan emango zaio hasiera trinketeko paleta larruzko txapelketari. Igande goizean, 11:00etan hasita, bi partida jokatuko dituzte Oianguko bi bikoteek Irurako Ametsa trinketean.