Borrar
Aurtengo Mitoaldiaren aurkezpeneko protagonistak irudian, Ataungo Sara etxean. Zabala
Ataun

Mitoaldiaren edizio berritua bueltan izango da datorren larunbatetik aurrera

Ekintzaz betetako egitaraua izango du 7. edizioak, Gau ibilaldi mitologikoa uztailaren 13an burutuko delarik

Asteartea, 11 ekaina 2024, 17:46

Comenta

Ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da mitologia. Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar.

Ataunen Joxe Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Zehazkiro, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari eta horri esker, esate baterako, Jentilen Etorrera edota Gau Ibilaldi Mitologikoa ospatuz, Ataungo hainbat txoko eta istorio mitologiko ezagutarazten dira urtero herritarren zein bisitarien artean Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik.

Aipatu jarduerak antolatzen dituen Jentilbaratza Kultur Elkartearen eta Barandiaran Museoaren arteko lankidetza ez da gaurkoa; urteak daramatzate elkarlanean, beti ere euskal ondarearen berreskurapenean, ingurumen sentikortzearen sustapenean eta Ataunen osoko garapenean ekarpena egiteko itxaropenarekin. Lankidetza giro horri eusteko eta aipatu helburuak aitzineratzen jarraitzeko, 'Mitoaldia' izeneko ekimena jarri zuten abian. Aurreko urteetako erantzuna ikusita, aurten berriro ere sendotuta eta handituta dator proiektua.

Egitarau zabala aurretik

Ataun Euskal Herriko mitologiaren erreferentzia nagusi izan dadin lan egiten dute, eta horregatik antolatu dute VII. Mitoaldia, ekainaren 15etik uztailaren 13ra. Ataungo mitologia gune esanguratsuenetara hurbilduz, Agautz eta Leizadiko kobetara irteera, Patxi Zubizarreta eta Asisko Urmenetaren hitzaldiak, eta nola ez, Gau ibilaldi mitologikoa ikuskizuna dira aurtengo zikloaren ardatzak.

Ekainaren 15ean, 22:00etan, Herri Antzokian, Jon Maiak 'Kantu Berri BAt' kontzertua eskainiko du. Ekainaren 19an, berriz, 19:30ean, Barandiaran Museoan hitzaldi musikatua eskainiko da Patxi Zubizarreta eta Pello Ramirezen eskutik 'Urbanita jentilaren aurrean' izenpean.

Hilaren 27an, Asisko Urmenetak 'Ni ez naiz sorgina!' hitzaldia eskainiko du udaletxean, 19:30ean. Uztailaren 6an, larunbata, Agautz eta Leizadiko kobetara irteera burutuko da, Ion Fontenlak gidatua. Aiako Urkillaga gurutzetik, 08:30ean irtengo dira eta kobak babesteko, ikusle kopurua mugatua izango da.

Uztailaren 13an, bi txandatan 19:30ean eta 20:00etan, 'X. Gau ibilaldi mitologikoa' ospatuko dute. Garai bateko ipuin eta legenda harrigarrien munduan sartuko dira Ataungo bihotzean eta Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan. Sarrerak aurrez hartu behar dira www.jentilbaratza.eus atarian, 1.200 partaidetan mugatuta. Ataunen bizi direnek ekainaren 25ean (17:00etan) plazan eskuratu ahal izango dituzte sarrerak, eta publiko zabalak ekainaren 26an eskuratu ahalko ditu webean.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Mitoaldiaren edizio berritua bueltan izango da datorren larunbatetik aurrera

Mitoaldiaren edizio berritua bueltan izango da datorren larunbatetik aurrera