Herriko plaza jendez lepo Basherri egunean
Azokak, musikak eta abere erakustaldiak berriz ere landa-mundua kalera hurbildu zuten
Herritarrak eta bisitari ugari Basherri Eguna ospatzeko elkartu ziren atzo Lazkaoko plaza inguruan. Goizeko 11:00etan ireki zen azoka, eguzkia lagun, eta ordutik aurrera herriko plaza jendez gainezka egon zen artisautza eta abere postuek erakarrita. Bertako ekoizpenak eta eskuz egindako artisau lanak izan ziren azokaren ardatz nagusiak, ikusmin handia piztuz.
Goizak une berezi bat izan zuen 13:00etan: ekoizleek beraien produktuen zozketa egin zuten frontoian, jendetza zabal baten aurrean. Irabazleek erosketa-txartel ugariz hornitutako saski bana eraman zituzten etxera.
Musikak ere bere lekua izan zuen, Lazkao Txiki Musika Eskolako trikitilarien doinuek giroa alaituz. Abereen erakustaldiak ere jendea liluratu zuen: txerriak, ahuntzak, antzarrak eta zaldiak herriko plazara gerturatu ziren, txikien eta nagusien arreta bereganatuz. Festa honek herritarren arteko harremanak sendotzeaz gain, tokiko ohiturak eta landa-munduko balioak gizarteratzeko balio izan zeun.
Jai-egunak aurrera egin zuen arratsaldean ere. 'Imperial Elegancia Mexicana' Mariatxi taldeak kontzertua eskaini zuen, eta lazkaotarrak jada prest daude gaur ospatuko den San Miguel egun handiaz gozatzeko irrikaz.