Ibarra
Ibarra Bolei Txapelketa antolatuko da junior eta helduentzat uda honetanIzena emateak irekita daude dagoeneko ekainaren 8ra bitartean
Amaia Núñez
IBARRA.
Asteazkena, 28 maiatza 2025, 20:28
Aurreko urteetako arrakasta ikusirik, uda honetan ere Ibarra Bolei Txapelketa antolatu dute Ibarrako Udalak eta Gaztezulok elkarlanean. Junior eta helduen mailako torneoak jokatuko dira, talde mistoekin.
Junior mailan DBH1 etik DBH4ra bitarteko ikasleek osatutako taldeak izango dira, gutxienez 5 kidekoak. Helduen mailan, berriz, hamasei urtetik gorako parte hartzaileak izan beharko dira, 4 eta 8 jokalarik osatuak. Kasu honetan, partaideen erdiak Ibarran erroldatuta egon beharko dute eta talde bakoitzean gehienez ere federatu bat onartuko dute.
Izena emateak irekita daude dagoeneko ekainaren 8ra bitartean. Gazteak karteletan dagoen Qr-aren bidez apuntatu beharko dira eta helduen zerrendak Danon Txokoa, Txumitxa, Zubiaurre eta Atari tabernetan daude.
Txapelketa ekainaren 16tik uztailaren 20ra jokatuko da. Finalaurrekoak eta 3. eta 4. postuetako partiduak uztailaren 21etik 31ra izango dira bi mailetan, eta finalak San Bartolome jaien baitan jokatuko da: abuztuaren 24an, 19:00etatik aurrera plazan. Zalantzak argitzeko 688 810 300 edo 688 747 898 telefonoetara deitu beharko da.
Haur danborrada
Aurten ere Ibarrako jaietan haurren danborrada egingo da San Bartolome egunean. 4 eta 15 urte bitarteko haur eta gazteek parte hartu ahal izango dute. Izena ematea irekita dago jada ekainaren 13ra bitartean Zubiaurre eta Oramahai Makiu tabernetan. Izena ematerakoan haurrak jaietako kamiseta duen ala ez jakinarazi beharko da. Ez dutenei antolakuntzak utziko die kamiseta bat danborrada egunerako izena ematerakoan jarritako tailakoa.
Rock Gaua larunbatean
Ibarrako Udalak Rock Gaua antolatu du larunbat honetarako. Bi kontzertu egongo dira San Bartolome plazan. Lehenengo Arrix-ku taldearen emanaldia izango da arratsaldeko 20:00etan eta, 22:30ean, Zelanda taldea.