Basagain herrixka da Arkeologia bildumako gaia
Xabier Peñalverrek 'Basagain. Burdin Aroko herri harresitu indigena' liburua aurkeztu zuen Mari Jose Telleria Kultura zuzendariarekin batera
AGURTZANE NÚÑEZ
Igandea, 29 maiatza 2022, 00:13
Duela hogeita hamar urte zeramika aztarna batzuk bost urte lehenago Koldo Oriak Basagainen herrixka bat egoteko planteatu zuen aukera egiaztatu zuten. Aste honetan Xabier Peñalverrek 'Basagain. Burdin Aroko herri harresitu indigena' liburua aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzan Mari Jose Telleria Kultura zuzendariarekin batera. Peñalver hasieratik, orain dela 27 urtetik, Basagaingo herrixkan egin diren indusketen zuzendaria da.
«Eduki asko duen liburua da, marrazki, argazki eta planoekin ilustratua», azaldu zuen Peñalverrek aurkezpenean. Eloisa Uribarri indusketatan arkeologo lanetan aritu izan denarekin batera idatzi du argitalpena.
Egindako ikerketen arabera, Burdin Aroaren amaieran bizi izan ziren herrixkan, duela 2.500 urte inguru, «gure aroaren aurreko azken mendeetan eta gure aroaren lehenengo mendeetan», azaldu zuen. Bertako biztanleek garatu zuten burdinaren metalurgiagatik nabarmendu da Basagain, bi hektarea inguruko zabalera duena. «Hainbat elementu fabrikatzeko aukera ematen zien, erremintak, nekazaritza-tresnak edota armak. Herrixkan pieza horietako asko aurkitu dira, baita burdina zepa ugari metalaren lanketa prozesuari dagozkionak».
Era berean, Xabier Peñalverrek adierazi zuen Basagain mendiaren ezaugarriek, besteak beste, joan den mendera arte landu ziren burdina meategiak, herrixkaren kokalekua aukeratzerakoan garrantzitsuak izango ziren.
«Bertako biztanleak planta errektangularreko etxeak eraiki zituzten, Ekialde eta Hegoaldeko terrazatan, harresiari itsatsiak. Ardiak, behiak eta txerriak hazten zituzten, eta artatxikia ereiten zuten nagusiki, baita garia, oloa edo garagarra ere, ezkurrak edo hurrak bezalako haziak biltzen zituzten», laburbildu zuen. Zeramika ugari ere aurkitu dute indusketatan, «gehienak eskuz egindakoak eta gutxi batzuk tornuan».
Komertzioa eta estelak
Indusketa kanpainak Basagainen aurrera egin ahala, arkeologoek duela 2.500 urte jada bazuten komertzioaren ondorioz iritsitako objektuak aurkitu dituzte. «Gertuko zein distantzia ertain eta luzeko komertzio jarduerak zituzten. Horien erakusle dira beirazko eskumuturreko zatia edo beirazko hainbat pieza, eta fibulak», azpimarratu zuen Peñalverrek. Gainera, «Erromatarren eragina, gutxienez inguruan, agerian uzten duten objektuak agertu dira, burdinazko tatxeta edota 'Iturissa' erako fibula bat».
Bestalde, oraindik argitzeke duten azterketa ildoetako bat Basagainen aurkitu diren estelak dira, harresiaren eta etxebizitzen ondoan lerrokatuta agertu zirenak. «Estelen fenomenoa orokorrean hileta-kontestuetara lotuta ageri da, baina kasu honetan ez daude hileta-kontestu batean. Estelatako bat, hain zuzen, herrixkako planoa izan zitekeenaren aukera bezala interpretatu genuen», azaldu zuen.
Ehunka bolondren
Basagaingo herrixkak datorren irailean berriro hartuko ditu arkeologoak, Burdin Aroko bizimoduaren informazio gehiago agertarazteko helburuarekin. Azken 27 kanpainatan ehunka arkeologo bolondres aritu izan dira bertan lanean. Anoetako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu dute urte guzti hauetan ikerketa lana posible egiten, indusketak lagunduz baina baita «herrixkaren kontserbazioa helburu duten lursailak erosiz, informazio panelak jarriz bertako balioa agerian jartzeko, eta bisita gidatuak antolatuz».
Liburuaren aurkezpenean Peñalverrek eta Telleriak urte hauetan guztietan egin diren indusketatan parte hartu duten bolondresak eskertu nahi izan zituzten beren ekarpenagatik. Argitalpenean ere atal berezia dute, talde ia guztien argazkiekin.