Arrainen izenak euskaraz, Tolosaldean
Galtzaundi Euskara Taldeak 'Gurea bai freskoa!' kanpaina jarriko du martxan eskualdeko arrandegietan
E. Arandia
Astelehena, 28 urria 2024, 17:28
Galtzaundi Euskara Taldeak euskararen erabilera areagotzea du helburu, eta 'Gurea bai freskoa!' kanpaina jarri du martxan Tolosaldeko hainbat herrietako arrandegietan arrainen izenak euskaraz aurkeztu daitezen.
Egitasmoan Amasa-Villabonako, Anoetako, Ibarrako, Tolosako eta Zizurkilgo arrandegi guztiek hartuko dute parte. Euskararen erabilera indartzeko, arraindegietako idatzietan konpromisoa hartzeaz gainera, ahozkotasunean ere eragingo dute; adierazi dutenez, eguneroko erosketak euskaraz egin ahal izateak eta euskara saltokietako idatzietan ikusteak balioan jartzen du hizkuntza. Horrela, bada, ohiko arraien hiztegia osatu da, eta etiketak sortu dituzte euskarazko izenekin.
Kanpaina azaroaren 5etik 23ra bitartera iraungo du, eta 25 euroko bi opari-txartel zozketatuko ditu arraindegi bakoitzak. Kanpainaren bitartez eskariak eta erosketak euskaraz egitera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. Gaurtik aurrera, ohiko arrainen izenak dituzten etiketak ikusi ahalko dira saltokietan eta bezeroei ere arrainen izenak euskaraz jasotzen dituen esku-orria banatuko zaie.
Kanpainan parte hartuko dute ondorengo arrandegiak: Amasa-Villabonako Sagastume, Anoetako Anoeta arrandegia, Ibarrako Bikoitz, Tolosako Belen, San Sebastian, Kaia eta Sanz, eta Zizurkilgo Zubeldia.
Era berean, kanpaina ikusarazi eta herritarrak informatzeko, promoziorako bideo bat ere zabaldu du Galtzaundik eskualdeko zinema aretoetan eta sare sozialetan. Kanpaina honek eskualdeko udalen, merkatari elkarteen, Foru Aldundiaren eta Jaurlaritzaren babesa jaso du.