Jakoba Errekondo, agronomo eta paisajista: «Kritikoak dira egun hauek baratzean, baina hori inork ez du kontuan hartu»
Konfinamenduko egunkaria ·
Baratzea etxe-bueltan duenez, ortuko lanei eusten die egunotan, baina baratzezain denek ez dute aukera hori, ezta gutxiago ereLan handiko egunak izango lirateke hauek baratzeetan, mugaz beteriko egoera horren berezian egongo ez bagina. Ortuko beharretara mugatuta, porrua, kolore guztietako tipula eta tipulinak, aza eta gainerako ahaideak, borraja, azenarioa, ziazerba, kuia, uraza, piperrak eta beste hainbat eta hainbat barazki ereiteko edota landatzeko momentu aproposa da. Hostoa galtzen duten zuhaitzak landatzeko azken aukera ere bada, eta galtzen ez dutenak landatzeko garaiaren hasiera ere bai, besteak beste.
Horren guztiaren berri, ohi duenez, Bizi Baratzea gunean ematen du Jakoba Errekondo (Usurbil, 1961) agronomo, paisajista eta komunikatzaileak. Arreta handiz jarraitzen dituzte baratzezainek haren iradokizun eta gomendioak, baina azken egunotakokoek ez dute eragin praktiko handirik izango jarraitzaileen baratzeetan, baratzezain profesionala izan ezean. «Horiek baimenduta dute lanean jarraitzea, jakina, eta baratzea etxe-bueltan bertan daukanak igual ere bai, baina askok etxetik aparte samar dauzkate baratzeak. Eta kontua zalantzan egon bada ere, badirudi debekatuta dagoela bertara joatea», dio.
Ondorioak, aurrerago
Ez dago konforme ezarri diren neurriekin -zuzenagoa izango litzateke haserre dagoela esatea-, eta uste du erabaki horiek erakusten dutela «baratzeei eta barazkiei gizarte bezala ematen diegun garrantzia. Txakur batek baino gutxiago balio dute, hori argi dago. Txakurra egunean hiru bider ateratzea baimenduta dago eta, orokorrean, baratzeari kasu egitea ez».
Balitz baratzea lozorroan dagoen garai urri horietako bat, gaitz erdi, baina justu kontrakoa gertatzen omen da aste hauetan. «Baratzea kudeatzeak planifikazio handia behar du -dio-, gaur egiten dugunak hemendik hilabete batzuetara emango baitu fruitua. Horren arabera, egun hauek kritikoak dira baratzean, eta iruditzen zait hori ez dutela kontuan izan erabakiak hartu dituztenek».
«Baratze-parkeetan, esate baterako, ez da batere konplikatua txandak antolatzea eta segurtasunez aritzea»
Izan ere, «aste hauek oso garrantzitsuak dira baratzeetarako, une erabakigarriak. Landatzeko, kimatzeko eta beste zenbait lan egiteko momentua da, ez egun batetik bestera dena bertan behera uztekoa. Estazio aldaketa dagoenean, ekinokzioetan, egunak gauak baino luzeagoak izaten hasten direnean, oso momentu berezia bizi dute landareek, eta horietako batean gaude», nabarmendu du.
Ezin etsi, «batez ere kontuan hartuta orain egiten dugunak urrira edo negura arte jasoko eta jango duguna baldintzatzen duela». Eta kasuren batzuetan denbora-pasa hutsa izango da, baina beste batzuetan, etxe askotan, baratzetik ekartzen dutenak ekarpen handia egiten du platerak betetzeko orduan, norberaren kontsumora bideratutako barazkigintza ez baita besterik gabeko afizio bat. Are gutxiago erosketetarako aurrekontu txikia dutentzat, seguruenik hurrengo hilabeteetan normalean baino justuago ibiliko diren horientzat.
Etxean igaro behar dituen egunotan naturaz gozatzen jarraitu ahal izateak ez dio erabat baretzen sumindura, uste duelako bazegoela jarduera hori -gehienetan bakartia, bide batez- beste era batera arautzeko modua. Inork ez omen dio gaiaren inguruko iritzirik eskatu, baina eskatuz gero argi du zer erantzun hainbat gairi buruz.
Esate baterako, Gipuzkoak harrotasunez erakutsi izan duen baratze parkeen inguruan. Kutxa Fundazioaren webguneko informazioaren arabera, 22 daude Gipuzkoan, eta horietan biltzen dira, 58.383 m²-ko azaleran, 1.309 lursail.
«Hauxe da garaia etxean bertan lehen urratsak egiteko: balkoian, tiesto batean, poteetan... Lur pixka bat nahikoa da»
«Sare egituratu hori daukagula aprobetxatuz, ez litzateke batere zaila izango segurtasun neurrien bermea eta baratzeko lanak uztartzea. Ez zait konplikatuegia iruditzen, esaterako, txandak egitea, gehienez ere bi baratzezain ibil daitezen aldi berean, elkarrengandik aparte», dio.
Kulturaren oinarria
Izan ere, historiak erakutsi omen du momenturik zailenetan zaindu behar direla bereziki baratzeak. Mundu gerretan AEBetan eta Erresuma Batuan sustatu zituzten Victory Gardens haiek ekarri ditu gogorra. Garaiko karteletan irakur daitekeenez, garrantzitsuak ziren barazki freskoen hornidurarako, baina herritarren animoan zuten eragin omuragarria ere aipatzen zen.
Hala ere, beste nonbaitetik datoz Errekondoren kezka nagusiak. Argi dauka «euskaldunontzat baratzea porruak eta azenarioak eta azak hazteko toki bat baino gehiago» dela. «Gure kulturaren oinarria da, arbasoek utzi eta erakutsi digutena, eta hori aintzat ez hartzea, hori gutxiestea, gure izaerari modu bortitzean erasotzea da».
Egoerak alde onen bat ere badu, haatik. Itxialdia aprobetxatu dezakegu etxean bertan lehen urratsal egiteko. «Ia edozein tokitan landatu edo erein daiteke zerbait: balkoian, tiesto batean, poteetan... Lur pixka bat nahikoa da». Eta pixka bat bilatzea nahikoa, berriz, ikusteko hozkailuan edo sukaldeko armairuetan badugula zer erein, zer landatu. Aurreneko saioa baratxuri-buruekin egin daiteke. Puntatxoa goraka dutela landatzen baditugu, hemendik hilabete batzuetara baratxuri edo berakatz fresko tortilla goxoa dastatuko dugu.