Borrar

Itzultzaile automatikoaren erabilera aztertzeko 20 eskuhartze

Itzulinguru' proiektua koordinatuko du Soziolinguistika Klusterrak beste eragileekin elkarlanean

J. A.

Sábado, 21 de octubre 2023, 18:02

Itzultzaile automatikoak testuinguru desberdinetan sortzen dituen eraginen inguruan ikertzeko eta esperimentatzeko 'Itzulinguru' proiektua jarri dute martxan. Soziolinguistika Klusterrak koordinatu du ekimena, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Innoklab ikerketa taldearen zuzendaritzapean.

Horrela, Soziolinguistika Klusterretik jakinarazi dutenez, 'Itzulinguru' proiektuko ikerketa eta esperimentazioa enpresetan, administrazio publikoan, bigarren hezkuntzako zentroetan, unibertsitatean, osasun sistema publikoan eta euskaltegietan egingo da, hizkuntza praktika arautuak dituzten testuinguru gisa definitu baitira.

Guztira, sei testuinguru horietan 20 esku hartze esperientzia garatuko dira aurten eta datorren urtean. Horretarako, Soziolinguistika Klusterra, Innoklab (EHU), Elhuyar, Orai adimen artifizialeko zentroa, Osakidetza, AEK eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko berritzeguneek osatu dute proiektua gidatzen duen garapen taldea.

20 esku hartze esperientzia garatuko dira aurten eta datorren urtean

Gaur egun egiten den itzultzaile automatikoaren erabilera aztertuko du proiektuak lehenik; ondoren, bestelako erabilera bat diseinatu eta praktikan jarriko da aste batzuetan; hirugarrenik, praktika horiek sortutako eraginak aztertuko dira (erraztasunak, oztopoak, gatazkak; azkenik, euskararen erabileraren ikuspegitik eta eraginkortasunaren ikuspegitik itzultzaileari abantaila ateratzeko erabilera gomendio edo irizpideak proposatuko dira proiektuaren emaitza nagusi bezala.

Proiektuaren gidaritzan eta esku hartze esperientzien monitorizazioan parte hartuko duten 30 pertsonak formakuntza saioa egin dute aste honetan Elhuyarren Usurbilgo egoitzan. Orai eta Elhuyarreko kideek hizkuntza teknologien eta itzulpen automatiko tresnen funtzionamenduaren eta aukeren berri eman dute, Innoklabeko kideek teknologia hauen eragin sozialen gaineko hausnarketa bultzatu dute, eta Soziolinguistika Klusterrak proiektuaren ezaugarri nagusiak eta lan plana aurkeztu ditu. Hitzaldiak, ariketa praktikoak eta hausnarketa solasaldiak izan dira formakuntza saioan.

'Itzulinguru' proiektuak hiru helburu nagusi ditu. Alde batetik, itzultzaile neuronalek gizarte testuinguru desberdinetako jarduera sistema arautuetan eragiten dituzten eraldaketak, erabilerak eta berrikuntza disruptiboak zein diren zehaztu nahi ditu.

Bestalde, hainbat esku hartze diseinatzea eta proban jarriko dira, jarduera mota bakoitzean itzultzaile neuronalaren erabilera egokia, erosoa eta eraginkorra egiteko asmoz, eta, azkenik, identifikatu nahi dira zein diren etorkizunerako landu beharreko gaitasun berriak eta arau berriak, euskara biziberritzearen ikuspegitik, itzultzaile neuronala maila praktikoan erabiltzeko.

Hizkuntza teknologiak

Soziolinguistika Klusterraren arabera, hizkuntza teknologien azkenaldiko garapenak pertsonen eguneroko bizimoduan aldaketak ekarri dituzte eta hurrengo urteetan are aldaketa handiagoak ekarriko dituztenaren ustea oso zabaldua dago. Adimen artifizialaren bidetik, pertsonen gero eta jarduera gehiago teknologiak mediatizatuak izango dira.

Hizkuntzei dagokienez ere eragina berebizikoa izango dela aurresan daiteke, eta hizkuntza gutxituaren ikuspegitik, euskara egoera soziolinguistiko zaurgarrian dagoela kontuan harturik, era honetako aldaketa global eta sakonen eragina «hil ala bizikoa» izan daiteke.

Beraz, euskararen biziberritzearen eta soziolinguistikaren begietatik, hizkuntza teknologien eragina, teknologia hauen aplikazioa eta erabilerak interes biziko aztergaiak dira, eta 'Itzulinguru' proiektua bide horretatik proposatutako ikerketa ekintza egitasmoa da.

«Gaur egun euskaraz nahiko garapen teknologiko maila aurreratua duelako eta gizarteko testuinguru arrunt eta anitzetan baliatzen den tresna delako, proposatzen da aztergaia izatea itzultzaile neuronalen inpaktua euskararen erabilera aplikatu kasuetan», azaldu dute.

Hala ere, 'Itzulinguru' ildo orokorrago baten abiapuntu gisa ulertzen da, eta itzultzaile neuronalarekin egingo den esperientzia aurrerago adimen artifizialaren bestelako aplikazioak eta hauen efektu soziolinguistikoak aztertzeko oinarri izango da.

«Beste hizkuntza teknologia batzuk agertu eta, neurri batean, gizarte bizitzan errotu ahala, hauen erabilera moduak eta dituzten ondorioak monitorizatzeko ildoa iraunkortzea beharrezko ikusten da, teknologia hauen berrikuntza eta inpaktua esanguratsua eta etengabea izango dela aurreikusten dugun heinean», adierazi dute.

'Itzulinguru' egitasmoa 2023ko ekainean abiatu zen eta 2024ko abenduan amaitzea aurreikusi da. Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du proiektuak.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Itzultzaile automatikoaren erabilera aztertzeko 20 eskuhartze

Itzultzaile automatikoaren erabilera aztertzeko 20 eskuhartze