Getxon amaitu da 2022ko EuskarAbentura
Azkeneko etaparen lehen zatia ontziz egin dute, Bilbotik Portugaletera. Bigarrena, Getxoko Areetatik Algortara, oinez
Igandea, 31 uztaila 2022, 16:58
Ostegunaz geroztiko etapak Bizkaian igaro ostean, bertan amaitu du 2022ko edizioa igande honetan EuskarAbentura espedizioak; Getxo, zehazki. Goizean goiz abiatu dira espediziokideak Bilbotik, Carona garabi paretik, bai-Eder eta Ibai-Alai ontzietan. 10:00etan Portugaletera iritsi eta Bizkaia Zubia zeharkatu dute, Areetara iritsiz. Han, Amaia Agirre Getxoko alkateak eta Irantzu Uriarte Getxoko Euskara zinegotziak harrera egin diete eta dantzariek, berriz, agurra. Amaia Agirre «Zorionak! Ohorea da zuek guztiak hemen izatea, euskararen etorkizuna zarete!», esan die alkateak hilabeteko esperientzia amaitzear ziren espedizokideei.
Azken zatia, Getxotik Algortara bitartekoa, oinez egin dute. Ordubete inguruko bidea burutu ostean, Algortako Jai Batzordeak egon die harrera Teilagorri plazan eta jaietako zapiak banatu dizkie. Amaiera ekitaldia Muxikebarri zentroan egin dute espediziokideek, lagun eta senitartekoekin batera.
700 kilometro
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 16-17 urte bitarteko 128 gazte euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera daramatzan oinezko espedizioa da EuskarAbentura. 2018ko eta 2019ko udan izan ziren aurreneko bi edizioak, EuskarAbentura izeneko eta irabazi asmorik gabeko elkarte euskaltzaleak bultzatuta. 2020an, aldiz, pandemiak galarazi zuen, eta 2021ekoa ere osasun larrialdiak baldintzatu zuen neurri handi batean.
Baina 2022an EuskarAbenturak jatorrizko izaera berreskuratu du, eta ibiltaria izsn da berriro ere. Hilabetez, uztailaren 1etik 31ra bitarte, Mauletik Getxora arteko bidea osatudute 31 etapatan; 700 kilometro baino gehiago orotara, horietako 500 oinez. Aurtengo edizioan parte hartu dutenak, izan espediziokide gazte, izan laguntzaile, bizipenak oroitzapen bilakatzen hasiko dira hurrengo egunetan. Eta antolatzaileak buruan izango dute jada 2023ko edizioa.