Borrar
Antolatzaile nagusietako, herri batzordeetako eta parte hartu duten entitatetako ordezkariak elkartu dira Gasteizen hirugarren Euskaraldiaren balorazioa egiteko. euskaraldia

Euskaraldia «normalizatu eta finkatu» egin dela uste dute antolatzaileek

Hirugarren edizioaren balorazioan adierazi dutenez, «milaka herritarrek egunerokoan hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa praktikoa egin dute», onartu arren «nahi baino txapa gutxiago» ikusi direla kalean

m. imaz

Ostirala, 2 abendua 2022, 11:52

Comenta

Euskaraldiaren hirugarren edizioaren azken egunean, ekimenaren lehen balorazioa egin dute Gasteizko Artium Museoan koordinazio mahaia osatzen duten erakundetako ordezkariek, ariketan parte hartu duten entitatetako eta herri zein eskualde mailako batzordeetako ordezkariekin batera.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak esandakoaren arabera, badirudi Euskaraldia egonkortze fase moduko batean sartu dela, eta hirugarren edizio honen ekarpen nagusietakoa dela ariketa «gizartean normalizatu eta finkatu» izana. Nabarmendu dutenez, «aurreko bi edizioetan herritar eta entitateen hizkuntza praktikatan eragiteko proposamen berriak ekarri zituen ekimen berritzaile honek eta hirugarren edizio honetan Euskaraldia, ariketa ezaguna izateaz gain, gizartean txertatua eta normalizatua dagoela ikusi dugu».

Parte-hartzaileen kopurua aurreko edizioaren antzekoa izan da: 161.099 lagunek eman edo berretsi dute izena aurtengoan

Parte-hartzaileei dagokienez, ez da aldaketa nabarmenik izan aurreko edizioekin alderatuta: 161.099 lagunek eman edo berretsi dute izena aurtengo edizioan. Antolatzaileen ustez, «oso datu ona» da, «pentsatu behar baitugu herritar horiek guztiek, hartu dutela tarte bat izena eman edo beraiek parte hartzea berresteko». Uste dute, gainera, «aurreko edizioan izena eman zuten askok ere parte hartu duela berretsi gabe» eta, horrekin batera, «izena eman dutenak baino herritar gehiago hurbildu dira txapak jasotzera antolatutako banaketa puntuetara».

Nahi baino txapa gutxiago

Hala ere, kontuan izanda aurtengo Euskaraldiaren xedeetako bat zela txapen bidez ikusgarritasuna areagotzea, alde horretatik emaitza izan zitekeen hobea: «Pertzepzioa dugu, jendeak ez dituela txapak uneoro erabili, eta nahi baino txapa gutxiago ikusi ditugula kalean. Aztertu beharko dugu zein aldaketa egin behar dugun gehiago ikus daitezen» adierazi dute. Izan ere, «komunitatea ikusgarri egitea euskararentzat oso garrantzitsua da».

Edonola ere, azaroaren 18tik abenduaren 2ra «milaka herritarrek egunerokoan hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa praktikoa» egin dute «beste behin ere», eta «15 egunetan egindako urratsei jarraipena emateko deia» egin diete.

Ariketan parte hartu eta txapa jantzi dutenez haratago ere izaten du eragina ariketak: «Txapa jantzi edo parte hartu ez dutenek ere badakite zer den Euskaraldia, eta gehienek gogo onez hartzen dituzte belarriprest eta ahobiziak, aurreko edizioetako ikerketek erakutsi duten modura». Dena ongi bidean 2023ko lehen erdian aurkeztu den ikerketak emangu ditu, halaber, hirugarren Euskaraldiaren eraginaren inguruko datu gehiago.

Eremu berriak

Norbanakoen artean ez ezik, «entitateetan ariguneak sortzeko proposatutako ariketa ere geroz eta hobeto» ulertzen dela uste dute antolatzaileek. Haien ustez, «ariketak bilakaera oso positiboa izan du azken edizioan». Guztira 6.634 entitatek eman dute izena Euskaraldiaren hirugarren edizioan eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak. «Gainera, aurreko ariketetan iritsi ez ginen eremuetara iritsi gara aurtengoan», nabarmendu dute. Alor horretan ikusi ahal izan da «entitateetako zuzendaritzek ekimena babestu eta neurri zehatzak hartzeko apustua egiten duten kasuetan, aldaketa esanguratsuak emateko urratsak ematen hasten direla».

2022ko Euskaraldia amaitu bada ere, ekimenak ez du erabateko etenik. Antolatzaileek aurreratu dutenez, «jarraituko dugu rolak gizarteratzen, beti esan dugun bezala, epe luzeko lana izango baita». Txapa erabiltzearen garrantzia azpimarratzen jarraituko dute, habaler, «ariketarako beharrezkoa baita».

Euskaraldien arteko bi urteko tartean ariketari eustea ere garrantzitsua da, antolatzaileen ustez: «Euskaraldiak behar du ediziotik ediziora norbanakook gure hizkuntza ohituretan aldaketak egiten jarraitzea eta era guztietako entitateek beraien hizkuntza plangintza eta politiketan urratsak ematen jarraitzea». Hartara, Euskaraldia izan beharko litzateke, salpuespeneko hamabostaldi bat baino gehiago, «urrats guzti horien erakusleiho paregabea».

Batzordeak eta entitateak, pozik

Herri batzordeak eta entitateak ere pozik agertu dira Euskaraldiak utzi duenarekin. Arrasateko batzordeko dinamizatzaile Ikuska Lizarraldek eman du batzordeen lehen inpresioa: «Herrietan ere ikusi dugu Euskaraldia ari dela bere lekua hartzen. Eta horrek ekarri du denborak pixka bat aldatzea. Aurreko edizioetan prestaketa lanak lehenago hasten ziren eta azken honetan uda ostean hasi dira batzordeak antolatzen. Horrek, erronka berriak ekarriko ditu herrietara. Nabaritu da, antolaketan, orokorrean mugimendu handiagoa egon dela batzordeetan: aurten kalera atera, ekitaldiak antolatu eta elkartzeko aukera izan dugula.»

Entitateei dagokienez, ekitaldian egoin dira Setem Hego Haizea elkarteko, RPK taldeko eta Gasteizen dagoen Puente Farmaziako ordezkariak. Puente Farmaziako Iñigo Puentek hartu du hitza. «Euskaraldiak entitate barruan ditugun hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko balio izan digu. Herritarrei ere euskaraz funtzionatzen dugula jakinarazteko ariketa interesgarria da, euskaraz egin dezakegula inoiz baino argiago ikusi baitezakegu guztiok egun hauetan».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskaraldia «normalizatu eta finkatu» egin dela uste dute antolatzaileek

Euskaraldia «normalizatu eta finkatu» egin dela uste dute antolatzaileek