Seaskak murgiltze ereduaren aurkako neurriak salatu ditu
Irailaren 14an diputatu eta senatariek hezkuntza ministroarekin izango duten bilera mugarri izango dela aurreratu dute
Astelehen honetan Ziburuko Kaskarotenea (Lapurdi) ikastola berrian egindako agerraldian hasi berri den ikasturtearen erronkak aipatu dituzte Seaskatik. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak murgiltze ereduaren kontrako neurriak oroitu nahi izan ditu bere hitzartzean eta argi utzi nahi izan du ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea lortzeko lanean jarraituko dutela. «Murgiltzearen kontrako hodeitzarrak momentuz urrundu baditugu ere, azterketen arloan Gobernuaren azken agintaldian gibelatze onartezinak gertatu dira», salatu du Jorajuriak.
Ez da mahai gainean jarri den arazo bakarra. Izan ere, lau urtero EEPk, Seaskak eta hezkuntza ministerioak sinatutako hitzarmenena ekainean amaitu zen eta baldintzak finkatzeko negoziazioari berriro ekin beharko diote. Agerraldian aurreratu duenez, irailaren 14a mugarri izango da elkartearen jarrera zehazterako orduan.
Data hori gorriz markatua baitute. Orduan dira biltzekoak Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatariak Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroaren kabinetearekin. «Paristik entzun ditugun ahozko deklarazioek eta idatziz ukan ditugun gutunek ez dute tonu bera. Bilkura horretan ikusi beharko da zein tonu hartzen duten gure parean. Ahozkoan baliatu duten tonuak irabazten badu, mahai baten inguruan lan egiten ahalko dugu. Idatzizko tonuak irabazten badu, aldiz, indar harremana atxiki beharko dugu», adierazi du Jorajuriak.
Hedabideen aurrean egindako hitzartzean argi utzi du azterketak euskaraz egiteko eskubidea jasotzen ez bada akordioa ezingo dela izenpetu. «Hitzarmen hori genoziaketa bat da, erakunde publiko gutziekin eramaten dena», azpimarratu du eta Parisi 2019an «jandako hitza» mantentzeko eskatu dio.