Covid OFF ekimenak ikasleen 120 bideo jaso ditu
Martxoan abian jarritako ekimenak SARS-CoV-2aren aurrean segurtasun eta higiene-neurriak betetzearen kontzientzia zabaldu nahi du
J. Agirre
Donostia
Osteguna, 1 uztaila 2021, 12:20
Pasa den martxoan Euskal Irrati Telebistak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila koronabirusak gizartean eragindako egoera zailaren aurrean ikasleei ahotsa emateko antolatutako 'Covid OFF ekimenak' jada 120 bideo jaso ditu.
Hezkuntza-komunitate osoari zuzendutako ekimena izan da, batez ere Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoari ikasleek, – ikastetxearen bidez– bideo laburrak eginez, Covid-19ren aurrean segurtasun eta higiene-neurriak errespetatzearen garrantziaz gizartea kontzientziatzeko.
Era berean, parte-hartzaileei ahotsa ematea izan da asmoa. Ikasturte osoan zehar hezkuntza-komunitateak egindako ahalegina eta segurtasun- eta higiene neurriak betetzeko esfortzua azpimarratzeko modua ere izan da 'Covid OFF' ekimena.
Mugikorrarekin, minututik behera
Ikasleen sormena izan da ekimen honetan funtsezko lanabesa, baita eurek nahi izan duten bezala egiteko askatasuna. Besteak beste, ikasleek formatua –talde handiak, txikiak edo pertsona bakarrekoak– eta tonua –serioa, dokumental txiki bat grabatzea, film labur bat, tonu umoretsuan– aukeratu ahal izan dute.
Aurkitu duten muga bakarra grabazioen iraupena izan da, gehienez 60 segundoko bideoa, eta teknologia izan da. Hau da, telefono mugikorrarekin grabatu behar zutela. Hortik aurrera ikasleek irudimena eta sormena garatzeko aukera izan dute.
Proiektuak webgune propioa du eta nahi duenak bertan ikus ditzake orain arte ikasleek bidalitako bideoak. Laguntza txiki bat emateko asmoz, COVID OFF ekimenak ideia laborategi bat ere eskaini du. Bertan, pandemiarekin zerikusia duten hainbat komunikazio-ekintza batu dira, mundu zabaleko hainbat txokotan garatuak. Bultzada txiki bat, ikasleek euren sormenari zuku guztia ateratzeko beharrezko balitz ere.