Arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzian parte hartzeko deia egin du UEMAk
Urriaren 16an eta 17an Azpeitian izango da
J. A.
Astelehena, 22 iraila 2025, 12:14
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) arnasguneei buruzko nazioarteko lehen konferentzian parte hartzeko deia egin die udalerri euskaldunetako alkate, udal ordezkari, teknikari eta euskaltzaleei. Zita urriaren 16an eta 17an izango da Azpeitian. UEMAren arabera, topaketa «mugarria izango da mundu osoko soziolinguista, hizkuntzalari eta adituentzat», eta, beraz, dei egin die bertako kide diren udaletako alkate, udal ordezkari, euskara teknikari eta oro har euskaltzale guztiei konferentzian parte har dezaten.
Euskal Herriko ikerlari eta adituak ez ezik, Eskozia, Gales, Kanada, Katalunia eta Hego Tiroleko hizlariak ere bilduko ditu konferentziak bi helburu nagusirekin: alde batetik, hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan arnasguneek duten garrantzia aztertzea eta gogoeta piztea, eta, bestetik, hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa sendotzeko proposamen zehatzak eta neurriak partekatzea eta zabaltzea.
Bi egunetan zehar, hizlariek aurkezpenak, eztabaidak eta mahai inguruak egingo dituzte, arnasguneen inguruko ikuspegiak eta esperientziak elkarbanatuz. Gaiari ikuspegi askotatik helduko zaio, besteak beste, dinamika soziolinguistikoa, demografia, hizkuntza politika, garapen sozioekonomikoa, kulturgintza, lege babesa eta hiztunen ahalduntzea aztertuz.
Martin Aramendi UEMAko lehendakariak adierazi duenez, «euskara da gure herrien nortasunaren orube sendoena eta, beraz, nazioarteko beste ekimen batzuetara, turismo azoketara eta antzekoetara joaten garen bezala, udalerri euskaldunetako alkateen eta ordezkarien ardura da gai honen inguruko puntako adituen eta politiken berri izatea eta udalerri euskaldunetatik horiek aldarrikatzea».
UEMAk gogorarazi duenez, Soziolinguistika Klusterra, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) eta Coppieters Fundazioa dira topaketaren sustatzaile nagusiak, mankomunitatearekin berarekin eta Azpeitiko Udalarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.