Uztailaren18koa
BAI HORIXE ·
Ekaitz Goikoetxeak kantatu bezala, «zoru labainkorra izan / liteke etorkizuna / ahazten baldin badugu / oroitu nahi ez duguna»Gorriz markatutako eguna izan dugu umetatik uztailaren 18a. Gorri koloreko ikusten genuen egutegietan, astegunez egokitzen zenean ere. Susmagarria egiten hasi zitzaigun. Egun hark bazuen zerbait ezkutuan.
Noizbait ulertu genuen zer izan zen 1936ko uztailaren 18an hasitako gerra luze hura. Urteak behar izan genituen taxuzko kontakizun bat osatzeko, batzuen eta besteen kontakizunak nolabait baliatuz. Tarteka izaten da kontakizuna gaiztotzen duenik. Oraintsu Pablo Casado bezala: «Legerik gabeko demokrazia eta demokraziarik gabeko legea nahi zutenen artekoa izan zen borroka hura». Bere partidutik beretik zuzendu diote: «Demokraziaren aurkako estatu-kolpea izan zen. Eta kito».
Ai, zein zaila den kito egitea gerra-kontuetan! Horregatik izango da atsegina gerra-kontuak kitatu dituztenei entzutea. Esaterako, bakea zerien Itsasondoko Ramon eta Legorretako Joxe Mariren kontakizun soilei. Asko zuten kontatzeko, baina apenas kontatzen zuten ezer, betiko lauzpabost kontu haiek izan ezik. Baina ba ote dago gerra hobeto laburbiltzerik?
Nola gerra hasi berritan aditu zuten, boluntario joaten baziren, Tolosara iritsi orduko itzuliko zirela etxera; egun gutxiko kontua zela. «Eta guk sinistu, tonto-tonto» eransten zuen Joxe Marik, begiratua urruti.
Nola frentean zirela, azpeitiarren batek galdetu zuen, bestaldetik zetozkion tiroak gain-gainean sumatuta: «Jotzea tiratzen al dute?». «Zer uste huen, ba?». Eta orduan, azpeitiarrak: «Toki onera ekarri gaitizkek». Beti auzokoa barregarri.
Nola, Terueleko batailan, gauez hotzez hildakoak goizean lurretik jaso eta kamioetara botatzen zituztenean, trenbide-trabesek bezalako hotsa ateratzen zuten gorpuek. Eta, hori esanda, isilik geratzen ziren biak, artean ere danbateko haiek aditzen ariko balira bezala.
Eta nola, gerra bukatuta, trenez etxera zetozela, elkarri esaten zioten: «Orain, batzuek eta besteek, gerra galdu nahiz irabazi, berdin-berdin joan beharko diagu lanera».
Gaur, gerra luze hura amaitu –inoiz bukatzen ote da gerrarik?– eta laurogeita bi urtera, kontu gehiago berritu nahiko genuke. Eta ez jakin-min hutsez. Izan ere, Ekaitz Goikoetxeak joan den ostiralean Zarautzen kantatu zuen bezala, aurtengo Basarri bertsopaper-saria jaso zuenean, «zoru labainkorra izan / liteke etorkizuna / ahazten baldin badugu / oroitu nahi ez duguna».