70 urtetatik gorakoak
Bai horixe ·
Ezagun da txertoaren zain daudenak ikasiak direla protesta kontutanUdaberriko goiz lainotsu batean, Covidaren kontrako txertoa jartzeko antolatutako kiroldegi baten atarian, goizeko bederatziak hogei gutxitan. Kalean, dozena batzuk pertsona zutik, zain, eskutan hitzorduaren papera. Bederatzietako ehun inguru dira, elkarrengandik gero eta hurbilago, guztiak muxukoa soinean, tarteka ordulariari begira.
Denak adinkideak, hirurogei urtetan ondo sartuak. Batzuk bikoteka, beste batzuk bakarka eta bakarren bat gazteago norbaiten laguntzaz. Azken minututan ilara sortu ala ez da eztabaida. Batzuk baietz, beste batzuk bakoitzak ordu finko batean duela hitzordua eta ez dela aproposa ilara bertaratutako orduaren arabera antolatzea. Emakume makuludun batek dio erizainak deituko gaituela, kontsultan bezala. Lehenago etorri denak denbora alferrik galdu duela esan eta sudurra ateko kristala ukitzen duela kokatzen da.
Bederatziak jo ondoren azaltzen da lehenengo autoritatea, Babes Zibileko bi lagun, gizon bat eta emakume bat, uniforme eta guzti. Emakumeak erabakitzen du ilara bat osatu behar dela, zehazki berak esandako norabidean eta hor liskar txiki batzuk sortzen dira, ni 8,30tik nago hemen, zu oraintxe heldu zara, beranduago heldu naiz baina zu baino bizkorrago ibili naiz ilara antolatu denean. Ahotsa goratuz antolatzen du ilara autoritateak. Bederatziak eta laurden eta ateak ez dira oraindik zabaldu. Ehundik gora lagun daude, oso ortodoxoa ez den ilaran.
Lehen ahotsak altxatzen dira antolakuntzaren kontra. Bertan gaudenon ehuneko laurogeita hemeretzia jubilatuak, baina guztiek dute presa. Egia da adin batean ordu erdiz zutik egotea ez dela erosoa Nire inguruko bizpahiru gizonek esplikatzen du berak hobeto antolatuko lukeela kontua, aski zutela barruan daudenak goizago jaikitzearekin, ez dagoela eskubiderik.
Guztiok alde egin beharko genuke, esaten du gizon batek goraki, baina gizona ez da ilaratik ateratzen, ez eta beste inor ere. Autoritateak atearen aurrean daude eta entzungor egiten dute protesten aurrean. Ezagun da zain daudenak ikasiak direla protesta kontutan, urruti daudela aurreko belaunaldien otzantasunetik.
Giroa pil-pilera heltzeko zorian dagoenean zabaltzen dira ateak. Bederatziak eta hogei dira eta handik aurrera nor dagokion mahaira zuzentzen da. Nire aurreko gizonak protesta egiten dio txertatzaileari, berandu dabiltzalako.
Handik ordu erdira, irteeran, beste ehun lagun daude zain. Ez da protestarik entzuten.