Borrar
Las diez noticias clave de la jornada

Urtebete geroago

Bai horixe ·

Ez gara hemendik urtebetera nola biziko garen asmatzeko gauza

Astelehena, 15 martxoa 2021, 07:27

Comenta

Ezaguna da igelaren paradoxa. Sartzen baduzu igel bat irakitan dagoen uretan, igelak salto egingo du bertatik, arriskua sumatuko duelako. Berriz, igel hori ur epeletan sartzen baduzu eta ur hori mantso, oso mantso, berotzen baduzu, igelak bere gorputzaren hozberoa urarenera egokituko du eta egosia izateko zorian dagoenean ez du salto egiteko indarrik izango, zuen energia guztia gorputzaren hozberoa erregulatzen xahutu baitu. Eta egosirik hilko da.

Urtea betetzen da oraintxe pandemiak eragindako lehen itxialdi hartatik. Hamabost eguneko izango zela esan ziguten hasiera hartan. Epela zegoen ura. Bai, badakit ezin genuela inora salto egin, mundu osoa zegoela kutsatua, baina gauza da pitin bat izutu baginen ere gehien gehienok ulertu genuela itxialdiaren premia eta ahal genuen moduan egokitu ginela guztiz ezezaguna zitzaigun egoerara, hori bai, laburra izango zelakoan, berehala lehengora itzuliko ginelakoan.

Gero hamabost egun haiek luzatu egin ziren, biderkatu, eta ura gero eta beroago zegoen, graduka baina etengabe. Hasiera hartan jakin izan bagenu handik urtebetera gauden bezala egongo ginela ez dakit ze erreakzio izango genukeen. Bitarte honetan ura ia irakin arte berotu baita, gero epeldu, berriz berotu eta horrela gaude orain, amesgaizto hau noiz bukatuko den jakin ezinik, salbuespen gisa onartu genuena ohitura bilakatuko zaigunaren beldurrez.

Ohitu gara muxukoa soinean dugula biltzera, ohitu gara egunero hildakoak ehunka zenbatzera, ohitu gara inoiz baino bakartuago bizitzera. Eta egokitu gara, nor bere modura. Bukatu da komuneko papera erosteko grina, ikasi dugu eskuak maiz eta sakon garbitzeak dakarren onura, baztertu dugu adiskide izatera inolaz ere heltzen ez dena ukitu eta musukatzeko ohitura zabaldua, ohitu gara bilerak, lanekoak eta bestelakoak, kamara baten bitartez egitera, baretu zaigu edozein aitzakiarekin edo inolako aitzakiarik gabe bidaiatzeko irrika, etxekotu behar izan dugu, derrigorrez, etxe erosoa ala kaskarra izan.

Tantaka aldatu zaigu bizitza eta ez gara hemendik urtebetera nola egongo garen esateko gauza, txertoak gero eta hurbilago baditugu ere, gutxienez guk, mundu aberatsean bizi garenok. Desberdinagoa egin zaigu mundua, ilunago, arriskutsuago. Eta hori gutxi balitz ere, adituek esan digute pandemia hau mende honetako lehena izan dela, baina ez dela azkena izango.

Urte berri on, irakurle. Ospa dezagun bizirik egotearen miraria.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Urtebete geroago