Borrar
Las diez noticias clave de la jornada

Polizien koloreak

Bai horixe ·

Uste dut ez naizela uniforme horien aurrean beldurra sumatzen duen bakarra

Astelehena, 22 otsaila 2021, 08:09

Comenta

Ez zait sekula erraza gertatu poliziarekiko harremana, edozein kolorez jantzita daudela ere. Agian haurtzaro eta gaztaroko trauma baten ondorioz, kontutan izan behar baita pertsona heldua nintzela Franco hil zenean eta diktaduraren kontra zegoen familia batean sortu nintzela. Gauza da gehien gehienetan sentitu izan dudala atximur moduko bat uniforme horien aurrean.

Gauza bitxiak ere gertatu izan zaizkit. Behin, trantsizio garaian, lagun baten etxean afaltzen ari ginela, etxearen jabeak soinu bitxiak entzun zituen aldameneko etxean. Esan zigun aldamenekoak oporretan zeudela eta kezkagarri iruditzen zitzaizkiola handik zetozen hotsak, lapurrak izan zitezkeela. Guk ez genion kasu handirik egin, baina berak aldameneko etxean finkatuak zituen belarriak. Halako batean esan zigun poliziari deitu behar ziola eta gainerako guztiok esan genion ezetz, ez egiteko horrelakorik. Etxe jabeak, ordea, azkenean deitu egin zuen eta telefonoa hartu zuenari aldameneko soinuarena kontatu zion. Hariaren beste aldean zegoen poliziak galdetu zion etxeak terraza ote zuen eta gure adiskideak baietz erantzun zion. Ba orduan, esan zion poliziak, atera terrazara eta kantatu ozenki «que se vayan, se vayan, se vayan». Badakit ez dirudiela egia, baina egia da.

Geroztik denbora asko pasa da, hamarraldiak, poliziak kolore desberdinak daramatza uniformeetan eta , gainera, sortu da «gure» polizia. Eta ni ahalegindu naiz neure buruari esaten polizia herritarron zerbitzura dagoela, guri laguntzeko, ez direla etsai. Gogoz ahalegindu naiz, modu tematian.

Baina ez dut uniforme horiek sortzen didaten beldurra gainditzerik lortu. Gogoan dut, duela ez hainbeste, auto matxuratua bide bazterrean nuela, ertzain bat hurbildu zitzaidala eta irribarrez euskaraz hitz egiten hasi zitzaidala, zuzenean, laguntzarik behar ote nuen galdezka. Gizon gaztea zen, urdinez jantzia eta uste dut txanda hori izan zela uniformeari erreparatu ez nion lehen aldia.

Uste dut ez naizela uniforme horien aurrean beldurra sentitzen duen bakarra. Onar dezaket agian ez naizela trauma hori gainditzen behar adina ahalegindu edo agian nireak ez du sendabiderik. Baina kolore guztietako uniformedunek jakin behar lukete zer gertatzen zaigun hainbati eta horren arabera jardun, goizero, komisaria edo kuarteletik atera aurretik errezatu beharko luketela, letania gisa, herritarron zerbitzurako ateratzen direla kalera.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Polizien koloreak