Borrar

Makina bat makina

Bai horixe ·

Eskerrak makinei. Eta eskerrak, batez ere, makinen morroi itsu bihurtu ez direnei

Osteguna, 17 ekaina 2021, 07:02

Comenta

Makina bana –ordenagailua– aurrean dutela hartu naute Javierrek dendan, Arantxak anbulatorioan eta Itxarok mutualitatean. Harrera gozoa eginez hartu naute hirurek ere, nahiz eta ez naizen aldarterik gozoenean ibili batera eta bestera, paperak bideratu nahian. Paper ofizialetan beti izaten baita daturen bat falta edo sobera.

Makina berri bat –audiofonoa– erosi behar izan dut ezkerreko belarri gor honen lagungarri. Eta, mutualitateak diru-laguntza ematen duenez, hor ibili naiz ate-joka bulegoz bulego eta leihatilaz leihatila, batean faktura eskatu, bestean medikuaren informea, hurrengoan faktura eta informea eta eskaera-orria aurkeztu, batzuetan bale eta besteetan kale. Kontu ernegagarriagorik!

Asko aldatu dira gauzak azken urteetan. Hobera egin dute gehienek. Orain ez dago lehengo jende-pilaketarik leku ofizialetan. (Jendeak beti eragiten du urduritasuna; are gehiago holako lekuetan.) Eta bibotedun gutxiago ikusten da leihatilaz bestaldean. (Barka bezate feministek, baina emakumezkoetan ere izaten zen bibotedunik lehengo leihatila haien atzean.)

Hobekuntza horretan, zerikusi handia izan du makinak. Makina bat makina asmatzen ari gara gizakiok, gure hobe beharrez. Eta makina bat makina erabiltzen ari gara denok ere, errazago eta azkarrago egingo dugulakoan dena delakoa.

Eskerrak makinei. Eta eskerrak, batez ere, makinen morroi itsu bihurtu ez direnei. Izan ere, itsuak dira berez makinak; eta hori besterik ez dugu behar orain: itsuen gidari bihurtzea itsuak. Laster gara denok ere zuloan.

Baina zertan ernegatu? Zertan jardun akuiluaren eztenari ostikoka? Makinak jarri dituztela telefonoz erantzuten ere? Ba, lasai entzun: «Matxuragatik deitzen baduzu, sakatu 1; fakturagatik deitzen baduzu, sakatu 2...»? Arnasa hartu eta luze sakatu. Errestoa, makinaren kontu. Ez dago umorea bezalakorik.

Pentsatua dute robotak jartzea leihatiletan ere. Aspaldi jarri zituzten kutxazain automatikoak, pixkana-pixkana ohitzen joan gaitezen. Baina ez dakit inoiz etsiko dugun Javier, Arantxa eta Itxaro bezalakoen harrera adeitsurik gabe.

Ni makinaren zalea banintz, honezkero kenduak nituzke harrera-guneetatik Javier, Arantxa eta Itxaro guztiak, eta horien ordez jarriak lehengo bibotedun kopetilun haiek. Honetara, robotak jartzeko irrikatan egongo ginateke denok. Eskerrak oraindik ere baden makinaren morroi itsu bihurtu ez denik.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Makina bat makina