Maiteminduen eguna
Bai horixe ·
Irakatsi digute erromantikoa dela ezkontzeko eskaera belauniko egiteaIrrigarri gelditzeak sortzen digun beldurra handia da, edozein esparrutan, edozein egoeratan. Asko galtzeko prest gaude hori gerta ez dadin. Eta halere, sarritan iruditzen zaigu bestea irrigarri, bera jabetzen ez bada ere. Egia da jabetu gabe ere gelditu zintezkeela irrigarri eta iritzi hori ez dela unibertsala, norbaitentzat irrigarri dena beste batentzat balekoa izan daitekeela, are txalogarri.
Oraintxe pasa dugu irrigarri gelditzeko urte osoak eskaintzen digun aukera hoberenen artean lehenengoetako bat, maiteminduen eguna. Badira beste egun seinalatu batzuk, urtean zehar, gozoaren gozoz edozein pertsona gaixotzeko gai direnak. Amaren eguna izan daiteke horietako bat, baina gozokeria zehatz hori haurrengan gelditzen da gehien bat, helduek bultzatutako haurrengan eta hor barkagarria gerta daiteke.
Maiteminen eguna, berriz, helduoi dagokigu, gaztetasunetik hurbil edo guztiz urrun egonda ere. Arrotz zitzaigun duela gutxi arte, baina orain ahalegin ezagueraduna egin behar duzu hortik ihes egiteko. Hedabideek, batez ere ikus-entzunezkoek, irakatsi digute erromantikoa izan daitekeela ezkontzeko eskaera belauniko eta jendaurrean egitea, kontu pribatua izan behar litzatekeena jendaurrean egitea. Era berean irakatsi digute otsailaren 14ean bikoteari opari bat egiten ez diona zakarra dela, gutxienez txokolatea edo kolonia.
Eta erromantikoa izango da, baina zentzurik okerrenean. Ez diogu kontuari merezi duen arreta eskaintzen, baina erromantizismo hori kaltegarria da, guztiz, bikoteentzako eta bereziki emakumeontzako. Ez du bikote baten harremanarentzat beharrezko dena azpimarratzen, ez du bikotearen kide bakoitzaren autonomia sustatzen, menpekotasuna baizik. Eta gauza jakina da menpekotasun horrek gehienetan daraman norabidea, nor jartzen duen gainetik, nor azpitik.
Belauniko jartze horrek ez ditu bikotearen bi aldeak indartzen. Alderantziz, izan zaitez nire esan nahi du, ez zure. Egia da antzezpen hori egiten dutenek badakitela seguruenik ez dela beraien bizitzan txanda bakarra izango, agian egin dutela keinu hori aldez aurretik edo etorkizunean berregingo dutela, hori bai oraingoa azkena izan daitekeelako itxaropenaz.
Gauza bat da maitasuna eta bestea maitemintzea. Batzuetan, maitemin hori maitasun bilaka daiteke denbora baten buruan, baina askotan errautsa eta kea besterik ez du utziko itzaltzerakoan. Hizkera arruntak, ordea, biak nahasten ditu.