Bi liburu jaso nituen
Bai horixe ·
Baina hirugarren liburu bati zor diot horiek gustura eta gozatuz irakurri izanaBi liburu jaso nituen oso denbora gutxian. Lehenengoa, 'Fratelli tutti', aita santu Frantziskoren entziklika-gutuna, euskarara bikain itzulia, adiskide fin batek biziki gomendatua. Bigarrena, 'Herritartasuna indartzea', Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratua; erakunde horretako Gipuzkoako Batzordeak idatzia baita. Batzordeko adiskide fin batek bidali zidan. Ez dago adiskide finak izatea bezalakorik.
Orain, bi liburuak irakurri ondoren, asmatuko ahal dut horien iruzkinak egiten zutabe banatan, datozen asteetan. Baina aitorpen bat egin beharrean nago lehenago: hirugarren liburu bati zor diot aurreko biak gustura eta gozatuz irakurri izana. Hirugarren honengatik izan ez balitz, nekez pasako nintzen beste bien hitzaurreetatik. Eta apenas irakurriko nituen biak ere, «betikoa!» esanda; edo «hau txapa!», gaztexeagoa banintz.
Behin aitorpena eginda, aipa dezadan hirugarren liburua. Beldur nahiz, ordea. Halakoa du izenburua: 'Hacia una espiritualidad laica'. Batzuei 'espiritualidad' horrek eragingo die atzera; beste batzuei 'laica' delakoak. Ea asmatzen dudan denak baretzen.
Azkenekoei esango diet jesuita bat duela liburuak egile: Marià Corbí epistemologoa (Valentzia, 1932); aurrenekoei, luzeagoa duela izenburua: 'Hacia una espiritualidad laica. Sin creencias, sin religiones, sin dioses'. Ez dakit ez ote ditudan are gehiago uxatu denak ere.
Izenburua izenburu, gatozen edukira. 'Hautsi da anphora' esanez laburbil dezakegu, berriro ere Bernardo Atxagaren hitzak baliatuz. Mundu zaharra zartatu da, eta apenas gelditzen zaigun mundu zahar hartako ardorik. Mundu zaharra ez dago konpontzerik, ezin gaitezke atzera itzuli. Mundu berrian bizi gara eta mundu berria beste etxerik ez dugu, nahiz eta hemen umezurtz suma genezakeen geure burua.
Aspaldi kantatu zuen Xabier Letek: Etxeruntz nindoala / oihukatzen nuan / Jainkoa ez da bizi / gizonen onduan / urruti zegok hura / han bere zeruan / gu bakarrik utzirik / umezurtz munduan.
Orain, etengabe berritzen ari den mundu honetan, anfora berri bat sortu beharrean gara, ardo zaharberritua non jaso eta nondik hartu izan dezagun. Erronka hori dugu gaurko gizakiok eta erakundeek. Sorkuntza horren baitan egin zaizkik jasotako bi liburuak irakurgarri eta erakargarri.
Bide batez: Interneten dugu Marià Corbíren liburua PDFn, dohainik jaisteko moduan.