Liburuak ondare
Bai horixe ·
Liburuek lekua besterik ez dute eskatzen, baina hori arazo da askorentzatJoan dira urte batzuk gure idazle ezagun baten alargunarekin topo egin nuenetik, bigarren eskuko gauzak saltzen zituen azoka batean. Eskutan senarrak idatzitako liburu baten alea zeraman eta topo egin bezain laster erakutsi zidan liburuak zekarren eskaintza. Kontatu zidan beti bilatzen zituela senarraren liburuak salgai zeudenean, iruditzen zitzaiola umezurtz zeudela, ezezagunen artean galduak. Erosi eta etxera eramaten zituen, bertan zituen milaka aleekin batera.
Lehen aldia zen liburu dedikatu bat aurkitzen zuela eta senarraren sinadurak hunkitu egin zuen. Nola jar dezake norbaitek salgai idazle batek berari propio eskainitako liburua?
Galdetu zidan begiak bustirik eta erantzun nion seguruenik liburu hori zendutako norbaitena zela eta haren ondorengoek salduko zutela liburutegi osoa, pisura, ez zela hildako idazlearen kontrako mespretxua.
Gertakizun hartaz gogoratu naiz aste honetan mezu elektroniko bat jaso dudanean. Bertan, berrogei urtetako gizon batek kontatzen du duela gutxi galdu dituztela gurasoak berak eta anaiak eta zendutako guraso horiek lau edo bost mila liburu utzi dizkietela, ondare gisa. Gizonak kontatzen du ezin dituztela liburu horiek gorde eta zer egin eztabaidatzen ari zirela deskubritu omen dute «ez dagoela liburuak jasotzen dituen zerbitzurik ez udal liburutegirik».
Zer egiten du norbaitek aurrekoengandik liburutegi oparo bat jasotzen duenean, Emausera eraman, pisura saldu, zakarrontzira bota, sarean irtenbide bat bilatu? Zeren liburuek ezer gutxi eskatzen baitute, ez dute pilarik ez gailurik behar. Lekua eskatzen dute eta askorentzat arazo da hori. Agian hasieran egongelan jarriko zituzten liburuak guraso haiek eta handik etxeko beste horma batzuk kolonizatuko zituzten.
Bi anaiek kontatzen dutenez, hainbat lekutan apalategi txikiak jartzen dira autobus markesinetan, bertan liburuak dohainik eskaintzeko. Horretarako ere prest omen daude, baina askoren arazoa denari erantzun orokorragoa eman nahi diote. Helburu horrekin jarri dute abian kanpaina bat sare sozialetan, gurasoek utzitako altxorrak merezi duen arreta izan dezan. Liburuak papera baino gehiago direlakoan.
«Gurasoek liburu hauek maite zituzten eta liburu hauek gurasoak», idatzi dute laguntza eskatu aurretik. Hauxe helbidea lau edo bost mila liburu horiei beste aukera bat eskaini nahi dienarentzat: antonelo@doglover.com.
'Liburuen heriotza' da kanpainaren izenburua.