Borrar

Liburua

Bai horixe ·

Gizakiaren tresna harrigarrien artean, liburua da, zalantzarik gabe, harrigarriena: oroimenaren eta irudimenaren luzapen

Osteguna, 22 apirila 2021, 07:24

Comenta

Liburu ederra bezain gustagarria irakurtzen harrapatuko nau biharko egunak, ondo bidean. Beldur nintzen liburu honena ere –28 argitalpen, urte eta erdian– ez ote zen izango marketin-kontu hutsa; ez ote diren propaganda hutsalez puzten ari. Baina ez. Leitzen hasi orduko ohartzen da irakurlea ondo irabaziak dituela jasotako sariak eta txaloak.

'El infinito en un junco' liburuaz ari naiz, Irene Vallejo (Zaragoza, 1979) idazlearen saiakeraz. Gaia, argi azaltzen du azpitituluak: 'La invención de los libros en el mundo antiguo'. Agian, kontu aspergarriekin topo egitea espero lezake batek baino gehiagok. Baina kontalari on batentzat ez dago kontu aspergarririk. Hasiera-hasieratik sumatuko du irakurleak bere burua mundu harrigarri batean murgilduta, eta orriz orri egingo du aurrera gozo-gozo.

Liburuaren nazioarteko eguna ospatzen da bihar, apirilak 23a. Biharko egunez hil omen ziren-eta Cervantes eta Shakespeare, nahiz eta zehatz-mehatz kontuak ez izan horrela. Beraz, gutxi gorabeheraka jarraituz, koka dezagun biharko egunez Bernart Etxepareren heriotza ere. Eta aurrera. Kontua da liburuaz gozatzea bihar ere.

Irene Vallejok badaki nola eraman irakurlea eskutik hartuta, eta nola erakutsi liburuaren atzean dagoen historia harrigarria, mila istorioz eta mila eratako gorabeheraz osatua. Eta gaurko aditu baten hitzak jaso behar dituenean ere, egoki asko jasoko ditu. Borgesen hauek bezala:

«Gizakiaren tresna harrigarrien artean, liburua da, zalantzarik gabe, harrigarriena. Gorputzaren luzapen dira gainerakoak. Mikroskopioa eta teleskopioa, bistaren luzapen; telefonoa, ahotsarena; goldea eta ezpata, besoarenak. Baina bestelakoa da liburua: oroimenaren eta irudimenaren luzapen».

Michel Foucault-en hitzak jasotzen ditu geroxeago Vallejok, liburuen balioen harira: Deigarria egiten zaiola gure gizartearen joera; gauzekin lotzen dugula artea, eta ez gizakion bizitzarekin. Zergatik –galdetzen du Foucault-ek– gutako edozeinek ez dezake bere bizitzaz artelan bat egin? Zergatik artelan izan daitezke lanpara jakin bat edo etxe bat, eta ez neure bizitza?

Beste liburu bat ekarri didate gogora bi galdera horiek. 'El arte de ser' du izenburu eta Mónica Cavallé (Kanaria Handia, 1967) filosofoa egile. Hau ere hartuko dut berriro eskuetan, baina Irene Vallejorena amaitu behar dut lehenago, batere presarik gabe.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Liburua