Laineza Madrilen
Bai horixe ·
Laizena darabilte erregai piromanorik beldurgarrienek. Zoaz atzetik horiek piztutako sutea itzaltzeraG iro omen da Madrilen, joan den asteko hauteskundeen ondoren eta ondorioz. Aspaldiko eta urrutiko kontuak dirudite. Edo ez hain aspaldikoak eta urrutikoak. Nola begiratzen zaien. Ea asmatzen dudan umore-tanta batez gozatzen.
Txikitan aditzen genien helduei kopeta zimurrez esaten: «Kontuz, umeei laineza eman, hartu egiten dute eta; gero horiek zeinek menderatu?». Hitz larrien doinua zuten haiek. Pixkana-pixkana ikasi genuen larritasun haren berri: zer den laineza eta zer den laineza ematea eta zer laineza hartzea eta zenbat kostatzen den laineza hartutako umeak –eta ez hain umeak– beren onera ekartzea.
Gaztelania ere ikasi genuen, eta hasi ginen noizbait hitzak eta esamoldeak hizkuntza batetik bestera nola edo hala pasatzen. Eta orduan, lanak eta komeriak: nola arraio esaten ote zen 'laineza' erdaraz, eta nola demontre 'laineza eman' edo 'laineza hartu'. Halakoren batean konturatu ginen, bai, 'kea' hitza erabili ohi dutela erdaldunek; hobeto esan, 'keak', pluralean. «Horri keak igo zaizkio burura» edo «ez dago ama-semerik horri ke horiek jaitsiko dizkionik». Barkatu erdarakadak.
Oso gerora –orain dela urte gutxi, alegia– ikasi genuen erdarazko 'llaneza' duela 'laineza' gureak iturburu, nahiz eta guztiz kontrako esanahia duten biek. Bata apaltasuna, soiltasuna eta xalotasuna bada, bestea harrokeria, oilarkeria eta hantustea da. Ironiak ere zerikusi handia baitu zenbait hitzen sorreran eta garabidean.
Baina Madrilen ez omen daude berriketetarako. Oraindik ere joan den asteko hauteskundeetako emaitzak irakurtzen eta interpretatzen ari omen dira, begiak igurtzi eta igurtzi, sinetsi ezinik, eta buruari hazka eginez argibidea non aurkituko, eta zauriak miaztu eta miaztu, gaiztotu baino lehen.
Urruti samarretik begiratuta, berriz, aldez aurretik suma genezakeen zer gertatuko zen. Horrelako putzaldiak eta hutsaldiak ekarri ohi baititu lainezak, batzuen pozgarri eta besteen amorragarri. Orain, ke pozoitsuak utzitako ondorioak kudeatzen lanak! Batez ere ipurdiko latza hartu dutenek.
Orain eta hemen, kontu handiz ibili beharko dugu. Izan ere, laineza darabilte erregai piromanorik beldurgarrienek: demagogoek, populistek, faxistek... Zoaz atzetik horiek piztutako sutea itzaltzera. Aise gainditzen ditu su horrek gero itxiera perimetral guztiak!
Damua garaiz, eta sua eta keak belaunetatik behera.