Borrar
Egin kontu

Katagorria

Hazkatu zituen lurrak eta zeruak, hazkatu zituen erreka eta itsasoak, hazkatu zuen memoria. Eta ez zuen aurkitu

Osteguna, 23 urria 2025, 02:00

Comenta

Ia ukitu nion isatsa katagorriari. Pasa den igandean. Noizean behin gertatzen da. Gertatzen da begiei irekita eusten asmatzen badugu. Burua begien neurrian irekitzeko modua eginez gero. Barruak zabaltzen badu ahokada bat buruko begien tamainakoa. Orduan gertatzen da. Gertatzea ez da katagorria azaltzea. Gertatzea da azaldu den katagorria ikustea. Bi ikusi nituen. Txikiak. Jakin badakit metro beteko katagorriak ere badirela hor nonbait. Ikusi izan ditudan guztiak ordea, beti izan dira nire iruditeriak gordetakoak baino txikiagoak. Bi ikusi nituen. Igandean. Txikiak. Gorputza eta isatsa. Isatsa gorputzaren neurrikoa zuten. Handia. Zer den gorputza eta isatsa neurri bertsukoak izanik, gorputza txikia eta isatsa handia izatea. Hori da katagorriaren magia. Txikia eta handia dela. Eta joan egiten dela. Enborrean gora, bertikal. Baina joaten dela geratuz. Eta geratu egiten dela joanez. Ba, igandekoak ia ukitu nituen. Joan beharrean geratu egin zirelako. Edo ni joan nintzelako haiekin. Metro erdira, klax. Ia ukitu nituen.

Bada ipuin zoragarri bat. Urtebete geroago aurkitu eta jango zuen ilusioz hur bat lurperatu zuen katagorriari buruzkoa. Lurperatu egin zuen. Bihotz formako hur bat. Biluztu ziren zuhaitzak, zuritu gailurrak, ur bihurtu berdeguneak, eta gari aleak ogi. Hasi zen katagorria urtebete lehenago gordetako hurraren bila. Eta ez zuen aurkitu. Hazkatu zituen lurrak eta zeruak, hazkatu zituen erreka eta itsasoak, hazkatu zuen memoria. Eta ez zuen aurkitu. Han behar zuen. Baina han hurritz landare hazten hasi berria baino ez zuen aurkitu. Bihotz formako hurraren arrastorik ez.

Ereiten duguna omen gara. Emandako horretatik jasotzen omen dugu bueltan. Igandean bertan, lagun baten semeak piruleta bat ereingo zuela esan zidan. Lurrean zuloa egin eta piruleta erein genuen guztion artean, ur parrasta eta guzti. Piruletondoa. Urtebete barru piruletak biltzera etorriko gara! egin zuen oihu. Eta urtebete barru piruletak biltzera joango gara. Aita-amaren bati bururatuko zaio piruleta mordoxka bat erosi eta inguruko zuhaitzen batean zintzilikatzea. Izan ere, ai adiskide, ez gara, behin honaino iritsita, frustrazioa ereiten hasiko. Lehen ere nahiko negar eta garrasi izaten da parke, eskola-atari, mahai-inguru eta ohe-bideetan.

Itsu jaiotzen omen da katagorria. Itsu egiten ditu lehen bi hilabeteak. Ikusmen zorrotza garatzen du ordea gero. Gu ere, zintzotasunez arituko bagina, agian iritsiko ginateke hurrak erein eta piruletak jasotzera.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Katagorria