Ultraeskuina gorantz
Herbehereetan gertatu da immigrazioaren aurkako diskurtso oso gogorra duen alderdi batek irabaztea hauteskundeak. Ez da kasu isolatua
Analista politikoek maiz erabiltzen duten esaldia da honako hau: eskuineko alderdi batek ultraeskuinaren ideiak hartzen baditu, arriskua du bere hautesleriaren zati batek horri ematea botoa, nahiago izan bailezake orijinala aukeratzea, hau da ideia horiek sortu dituena, kopia baino. Hori da, neurri handi batean Herbehereetan (lehen Holanda deitzen genuen herrialdean) gertatu dena arestian egin diren hauteskundeetan: gobernuburu izan denaren VVV eskuineko alderdiak immigrazioari buruzko iritzi negatiboak eta proposamen murriztaileak defendatu zituen hauteskunde-kanpainan (paradoxikoki, etorkin batzuen ondorengoa da bere buruzagia), eta beherakada handia izan du, eskuin muturrekoa den PVVren mesedetan, zeina izugarri hazi den hauteskundeak irabaziz. Etorkinei eta errefuxiatuei buruzko diskurtso gogorra du PVVk, bereziki musulmanen aurka. Ideia horiek izugarri ari dira indartzen Europako herrialde askotan: Frantzian, Alemanian, Italian, Suedian eta abarretan. Dublinen istilu oso larriak gertatu dira immigranteen aurkako protestetan, labanaz egindako eraso batzuen egilea ustez etorkina zela zabaldu eta gero.
Etorkin eta errefuxiatuak frustrazio eta ziurgabetasun sozialaren kopla-buruko eta biktima bihurtzen ari dira, eta leiho horretatik neofaxismoa ari da sartzen. Zenbait lider mesianiko hautsak harro-tzen eta ezinegon sozialaz baliatzen ari da agintaritza autoritarioak sortzeko. Bide batez, agenda politiko ultrakontserbadorea aldarrikatzen dute muturreko indar horiek, politika ekonomiko neoliberal gogorra eta emakumeen eta pertsona lesbiana, gai eta transen eskubideen aurkako jarrerak bultzatuz.
Immigrazioari buruzko gaietan, nabarmentzen diren kontuak hiru dira. Lehenik, estatu sozialak sortutako zerbitzu eta laguntzen onuradun direla, eta horrek haien kalitate-maila jaitsi dezakeela, kontuan hartu gabe zergak eta seguritate sozialaren kuotak ere ordaintzen dituztela. Bigarrenik, lanpostuak betetzen dituztela, kontuan izan gabe autoktonoek nahi ez dituzten postuak direla haiek, edo lan duinaren azpitik dauden baldintzetan egiten dutela lan. Eta, hirugarrenik, lekuan lekuko ohitura, kultura eta erlijioak mehatxu pean jartzen dituztela, saihestuz egungo gizarte gehienetan identitateak anitzak direla. Dena den, uhin handi bat sortu da Europan gai horien harira, sakoneko krisiak dituzten herrialdeetan bereziki, zorroztasunik gabe. Ezkerreko indar politiko ba-tzuetan, Danimarkan edo Alemanian esaterako, immigrazioari buruzko jarrera murriztaileak ari dira errotzen.