Mariatxi koitaduak
Austrolopitekusaren erresuma aldarrikatzen jarraitzen dugu, naturaren haserrealdiari begietara begiratu gabe
Festarik festa entzuten da kanta. Arrakastaren ereserkia dirudi. Han eta hemen, erritu propioari eusten dio gainera. Ezin dela nolanahi abestu, alegia. Horrela egin behar da: burua altxatu (oilarren antzera), mariatxi aurpegia jarri, edalontzia ere gora eraman eta ahots ahalik eta zakarrena atera, azken esaldirako batik bat, 'in crescendo' hunkigarri bati amaiera emateko. Orduan dator goiburua: «...Baina erregea izaten jarraitzen dut!», dio gaztelaniaz balizko esaldi askatzaileak. Aldapeko sagarraren adarraren puntaren puntan dagoen txoria baino harroago oihukatu ohi du parranderoak, munduaren gailurretik, «xiruliruli» inozo bat botako balu bezala. Halaber, aurreko baieztapenak ere ez dira txantxetakoak gero: «Diruarekin edo dirurik gabe, nahi dudana egiten dut beti eta nire hitza legea da...». Hori esan eta lasai arraio geratzen da arima iraultzaileko txoriburu koitadua.
Ez dakit handikeriarekin bat etorriko diren Leon aldera txikizioaren aurka borrokatzera joandako euskal suhiltzaileak. Naturaren haserrealdiari begietara begiratu diote, euren txikitasun handitik. Tokitan geratzen da han erregetza! Urrutiratu dira txori kantuak, ez baitute nondik aritu.
Era berean, Alegia, Amezketa, Ataun eta Ikaztegieta inguruan, bi hilabeteren ondoren uholdeen arrastoa ez da erabat desagertu, eta 'dana' hitzak oraindik ere hotzikara eragiten du Mediterraneoan barrena. Haatik, zenbaitek austrolopitekusaren erresuma goraipatzen du oraindik ere. Xenpelarren honako bertsoa datorkit burura: «Itsasoak su, eguzkia ilun, ilargia odolak hartu/lurrak ikara eta gainera erriyo danak agortu/munduko gauza baliotsuak erre eta ikatz bihurtu.../pekatariak umil gaitezen bada zerekin beldurtu». Ez du ematen, Juan Frantzisko, ez du ematen. Ondo ekarriak dira zuk idatzitako beste hainbat maisu lan, hala nola «bajatu gera graduan/lehengo egunak goguan» edota «miseriaren adarrak/dauzkat hitz egin beharrak».
Itzulera operazio luzea dator orain sarraskia jasan duten guneetan. Astiro joango da han denbora, idi gorrien gurdi hori. Erlojuetako orratzak uneka herdoiltzen diren bitartean, orkestra bateratu solemnea izan gaitezke, ala mariatxi taldea. Nago bigarren aukeraren alde egiten jarraituko dugula, hasi erakundeetako zeru goietatik eta buka oholtzapeko dantza giroan. Barne sua asetzen dugun bitartean, hor konpon besteari.
Eguraldi iragarpenen menpeko bizi garen egunotan, arreta eman dit esamolde batek: tenperaturak ez dakit zenbat gradutan «errendituko» direla aipatzeak, hain zuzen ere. Gu ere errendituko bagina...