Franco zuritzen
Bai horixe ·
Bertan behera utzi itxaropen oro lapurtuak, desjabetuak izan zinetenokBerrogeita sei urte joan dira Franco hil zenetik eta oraindik ez ditugu kontuak garbitu, oraindik ugariak eta boteretsuak dira diktadorearekiko begikotasuna adierazten dutenak, are gehiago, pairatu genuen hura diktadura bat izan zela ukatzen dutenak. Eta hori hitzetan, izozmendiaren tontorrean.
Lotsa ere ematen du hainbaten ezjakintasunak, amorrazioa beste hainbesteren gezurkeriak, batez ere historiaren mozorroa janzten dutenean. Zer esanik ez diktadorearen eta haren jarraitzaile nabarmen nahiz ezkutuen krimenak ukatzen dituztenean. Lege berri bat sortzen ari da Memoriaren inguruan eta horrek berriz ekarri du gure belarri eta begietara zaurien kontua.
Berriz ere esan behar dugu ezin dela zabalik dagoena berrireki, hain zuzen sekula itxi ez delako. Ukatu, estali egin dira frankismoak egindako zauriak, gaza bat jarri zaie gainean, baina estalkiaren azpian zornea darie eta asko eta asko zauriak itxi gabe hil dira. Aski da zaurien irudiarekin, mesedez, asma dezatela beste irudiren bat.
Galtzaileen esparruan jaio ginenontzat gogoratzea, eskubidea ez ezik, betebeharra ere bada, gutxienez batzuontzat. Garaileen aldera jotzen dutenek, berriz, ahanztura nahiago, are amnesia erabatekoa. Zer esanik ez familiaren ongizateak iturburua Francoren arrimuan egindako lapurretan badu. Horiek onartuko lukete, gogoz kontra baina onartuko lukete, biktimen familien aldeko aitorpenen bat. Horraino heltzeko prest leudeke.
Beste kontu bat da lapurtutakoa itzultzea, oraindik etekinak ematen dituen lur sail hura, jauretxe hori, margolan hau edo fabrika hura itzultzea. Francok bere sokakoei emandako noblezia titulua kentzen badizute, gaizki, lapurtutakoa itzularazten badizute, hamaika aldiz okerrago. Baina hori ez da gertatuko, ez orain ez etorkizunean. Bertan behera utzi itxaropen oro lapurtuak, desjabetuak izan zinetenok. Jarraitu lasai lo egiten lapurreta haien ondorioetatik bizi zaretenok.
Oraingoan ere pauso txiki batzuk emango dira eta espero dut etorkizunean beste batzuk emango direla, gero eta gutxiago izango direla Francoren jardun kriminala zuritzen dutenak. Beranduegi askorentzat, lotsagabeki berandu. Ongi etorriak aitorpen sinbolikoak, ondo dago gezurrak salatzea eta egiak zabaltzea. Baina hori ere kostako zaigu, oztopoak behin eta berriz jarriko dituztelako.
Ugariak eta boteretsuak baitira diktadorearen jarduna zuritzen dutenak, sarritan beraien buruaren defentsan.