Ezpainak gorriz
Bai horixe ·
Ezpainetako gorria feminismoaren ikur bilakatu zenekoaEdozein alorretan esparru publikoa zapaltzeko lotsagabekeria egiten duen emakumeak, jakin badaki ahoa zabaldu baino lehen bere itxura epaituko dela, gupidarik gabe epaitu ere. Zer janzten duen edo zer ez duen janzten, nola daraman ilea, zer nolako oinetakoak dituen soinean, nola apain-tzen duen bere burua edo nola ez duen apaintzen.
Hedabideetara salto egin duen azken kasuan, ezpainak izan dira hizpide, ezpainen kolorea. Portugaleko muturreko eskuinaren kide batek eurodiputatu den ezkerreko emakume bati leporatu dio ezpainak gorriz margotu izana. Panpina zirudiela esan zion, ez politikari serioa. Ondorioz eta protesta gisa, milaka emakumek eta ehunka gizonek igo dituzte sare sozialetara ezpainak gorrituak dituzten argazkiak, baita Portugaletik kanpo ere.
Aspalditik dator ezpain gorrituen inguruko eztabaida, mendetan egin behar dugu atzera eztabaidaren arrastoak aurkitzeko, Kristo aurreko garaietara. Hain urrutira jo gabe, XIX. mendean emakume prostituituen ikur ziren gorriz margotutako ezpainak. Esanahi hori da muturreko eskuineko politikari portugaldarrak buruan duena.
Ezpainak gorriz margotzeak, ordea, esanahi desberdina bereganatu du harrezkero. Adibidez, XX. mendearen hasieran Ipar Ameriketako sufragistek ikur bilakatu zuten ezpainetako gorria, arropa zuriekin batera. Ezaguna da 1912. urtean, sufragista multzo bat New Yorkeko bosgarren etorbidean manifestazioan zihoazenean, justu Elizabeth Ardenen dendaren aurretik igarotzerakoan, jabeak ikusi zuen manifestari batzuk ezpainak gorriz margotuak zeramatzatela. Bizkorra bera, sartu omen zen dendara eta ezpainetako gorriak banatzen hasi omen zen sufragisten artean.
Horra ezpainetako gorria feminismoaren ikur bilakatu zenekoa. Geroztik adibide ugari daude. Nikaraguan, Estatu Batuetan edo Hondarribian. Horrela erabiltzen du Estatu Batuetan goranzko izar demokrata den Alexandria Ocasio-Cortezek, ahalduntzearen seinale gisa, Nikaraguan Ortegaren diktaduraren kontra jarduten duen emakume ugarik ('mutur gorriak' gara, oihukatzen dute) edo Hondarribiko Jaizkibel Konpainiako emakume askok, irailaren 8an aspalditik Alardean parte hartzen saiatzen direnean.
Askatasunaren ikur, eskubide berdintasunaren ikur. Ez beti, noski. Ezpainak gorriz margotzen dituen emakume orok ez du horrekin keinu politikorik egiten, ez propio behintzat. Baina, norbaiti esker du emakume horrek ezpainak gorriz margotzeko askatasuna.