Ergelak eta adimentsuak
Bai horixe ·
Oso gutxitan entzun diot norbaiti duen adimenaren eskasiaz kexatzenGuztiok ezagutzen dugu bere gorputzarekin gustura ez dagoen jendea eta agian gu ere multzo horretan gaude, ozenki aitortu ala ez. Are gehiago, esango nuke gehiago gaudela tenore horretan, gehiago garela beste gorputz bat nahiko genukeenok edo gutxienez dugun gorputzaren atalen bat itxuraldatu nahi genukeenok. Eta ez naiz osasunaz ari, itxuraz edo balizko edertasunaz baizik.
Dugun gorputza argalegia, lodiegia, zaharregia, txikiegia, luzeegia, arruntegia iruditzen zaigulako. Edo agian ez diogu gorputzari osoko zuzenketa egiten, baina atalen bat heinetik kanpo dagoela iruditzen zaigu, atal soil bat. Zango edo beso motzegiak ditugulako, aldaka zabalegiak, lepoa laburregia, izterrak lodiegiak, oinak luzeegiak, aurpegiko zimurrak sakonegiak, ilea eskasegia edo kizkurregia ...
Ahalegintzen gara ahal duguna konpontzen edo, gutxienez arropaz edo bestez disimulatzen. Ez zaizkigu han edo hemen horretarako aholkuak falta, aldizkarietan, sare sozialetan, kalean, esamesetan eta ez emakumeontzat bakarrik, baina bai batez ere emakumeontzat, adin guztietako emakumeontzat. Aldatu gustuko ez duzun hori, kirurgiaz edo ukenduz eta aldatzerik ez baduzu, gutxienez, ezkutatu, itxuraldatu. Hau edo hura jantzita luzeago emango duzu, argalago edo proportzionatuago, hau edo hura eginda gazteago emango duzu.
Trukean, askoz gutxiago dira duten adimenaren tamainarekin konforme ez daudenak. Nik behintzat oso gutxitan entzun diot norbaiti duen adimenaren eskasiaz kexatzen. Ai, azkarragoa banintz, buruargiagoa, jantziagoa, bizkorragoa ... Besteengan bai, besteengan ikusten dugu eskasia hori, ez ordea norberarengan. Gehiengoa duen adimenarekin konforme dago.
Duela gutxi irakurri dizkiot Rosa Monterori joan den mendearen bukaeran bi psikologok egindako azterketaren ondorioak. Nonbait, zenbat eta ezgaiago, orduan eta gehiago gainbalioesten dugu gure trebezia eta zenbat eta gaiago, orduan eta zalantza gehiago. Beste hitzetan, zenbat eta ergelago, orduan eta harroago duzun adimenaz, orduan eta ozenkiago botatzen dituzu burutik pasatzen zaizkizun ergelkeriak. Eta zenbat eta adimentsuago, zenbat eta buruargiago, orduan eta gehiago botatzen duzu faltan adimen pixka bat gehiago, orduan eta zalantza gehiago, orduan eta ikasteko premiaz konbentzituago, orduan eta bestearengan dagoen egia izpia zureganatzeko gogo handiagoa. Orduan eta lan gehiago.
Ze gaizki banandua dagoen adimena.