Dotrinatzearen eragina
Bai horixe ·
Nire belaunaldikoak dotrinatuak izan ginen, itsasoz eta lehorrezGurasooi gustatzen zaigu pentsatzea seme-alabei irakatsitakoa betiko geldituko zaiela guk erein bezala, hitzez hitz. Uste dugu haurrak buztinezkoak direla eta gu bertan hitzak idazten dituen eztena. Dotrinatzen ditugu eta pentsatzen dugu beste inork ez duela hori egiteko eskubidea, beste dotrinatze guztietatik salbu nahi ditugulako.
Jakin badakigu gu ez garela gure gurasoek nahi izan zuten bezalakoak, kasu gehienetan behintzat. Ez okerragoak ez hobeak, desberdinak. Nire belaunaldikoak eta aurreko nahiz atzeko beste batzuetakoak, dotrinatuak izan ginen, itsasoz eta lehorrez, etengabe, gupidarik gabe. Milioika dira gure buztinean zerbait grabatu nahi izan zuten eztenak, asko eta boteretsuak, ia ahalguztidunak.
Eta halere, ezagutu ditut guraso aurrerakoiak izan arren atzerakoi bihurtu diren pertsonak, guraso kontserbadoreak izandako seme-alaba iraultzaile amorratuak, erlijio estu batean hezitako ateo militanteak, familia agnostiko baten barruan sortutako pertsona erlijiosoak, are apaiza edo gotzain bihurtuak.
Agian horregatik ez diot dotrinatzeari beste askok dion beldurra. Adibide nabarmen bat ezagutu dugu egunotan. Familia iraultzaile batetan sortutako haur batek, bat-batean, auskalo ze zirrikitutik sartua, politikaren beste muturretik datorren norbait miresten du. Haurtzaroan, nerabezarotik urrun oraindik, haur horrek bere gelan miresten duen pertsonaren argazkia jartzen du. Argazkiko gizona militarrez jantzia dago, paparrean hamaika domina dituela. Gizona ez zen errege, printzea baizik, baina hamarralditan izango zen Espainiako errege.
Aitaren adiskide min izandako Che Gevararen argazkiaren ordez, Espainiako errege izango zen gizonaren argazkia jarri zuen haur hark bere gelan eta halako batean, aita iraultzaile eredugarriak argazkia ikusi zuenean, paretatik atera zuen posterra, bere etxean horrelakorik nahi ez zuelako. Ez dakigu, baina seguru ekintza horrekin batera dotrina pitin bat bota ziola haurrari, eztenari eragin ziola.
Bada haur hori, emakume bihurtu ondoren ere, paretan jarri zuen gizonaren miresle da, obsesioraino, liburu goresle bat idazteraino. Familia burges kontserbatzaile batean sortutako iraultzaile sutsua bata, familia iraultzaile batean sortutako kontserbadorea bestea.
Bestelako eragina izango zukeen neskatoarengan une hark, baldin eta iraultzaileak, hasperen batez, militarraren argazkia paretan utzi izan balu?