Beste 'manada' bat
Bai horixe ·
Inork ez dio fiskal jaunari biktimarekiko empatia erabiltzen irakatsiHemezortzi urteko neska gaztea taberna batetik ateratzen da Sabadellen, neguko egun batetako ordu txikitan, etxera joateko asmoz. Bakarrik doa eta tabernatik metro gutxitara gizon batek harrapatzen du eta inguruko habearte abandonatu batera eraman. Habearteak, bazter batean, gela moduko leku batzuk ditu eta haietako batean gizonak neska bortxatzen du, sofa baten gainean. Aldameneko gelan beste bospasei gizon daude. 'Manada' bat, baina Iruñekoak beste jokaera bat izan zuen, guztiok batera bortxatu zuten neska eta Sabadellen, banan bana.
Halako batean gizonak asebetetzen dira eta neskak ihes egin dezake. Handik aurrera ospitalera eta gero etxera. Pairatutakoa salatu ala ez da lehen kezka. Ez du zalantzarik, gertatutakoa salagarria da baina badaki bide horrek zailtasunak dituela, zalantzan jarriko dutela bere lekukotasuna, pentsatuko dutela ez zuela ordu horietan kalean bakarka ibili behar, ez zuela nahiko erresistentzia egin.
Ataka horretan suertatzen dira emakume bortxatu guztiak, bortxaketa taldekakoa ala bakarkakoa izan. Eta gehiengoak atzera egiten du, ehuneko hogeira ez dira iristen salatzaileak. Gainerakoak ez dira ausartzen, gertatutako ahaztu nahi lukete, ez behin eta berriz pairatu dutena xehetasun osoz kontatu, ez susmoei aurre egin.
Sabadelleko neska horrek aurrera egiten du, hilabete batzuen buruan epaiketaren unea heltzen da eta justiziak ez ditu Iruñean hartu zituen neurriak hartzen: ateak zabalik, neskaren izen-abizenak edonoren eskura, haren ahotsa belarri guztietan. Eta hori gutxi delakoan, neskak Eduardo Gutiérrez izeneko fiskal batekin egiten du topo.
Gutiérrezek behin eta berriz eteten du neskaren lekukotasuna, sarritan galdetzen dio ea esandakoa berresten duen, segur ote dagoen, bigarren edo hirugarren mailako xehetasunik txikienak eskatzen dizkio. Seguru neska salaketa egin izanaz damutzen dela, seguru ihes egin nahi duela, baina beranduegi da atzera egin ahal izateko.
Fiskalaren lana lekukoari galderak egitea da, kasu honetan lekukoa epaitzen ari diren delituaren biktima bada ere. Baina inork ez dio fiskalari kasu horretan empatia erabiltzen irakatsi, ez du neskarekiko gupida izpirik adierazten eta, ezpata garduna eskuan, galdeketarik zorrotzena garatzen du, bere gaitasunaz harro, jo-ta-ke.
Neskaren onetan, noski, zorrozkeriak beti duelako mozorro hori, gure onetan egiten da, gu babesteko asmoz, emakumeok horixe merezi dugulako.