Borrar

Barkatu

Bai horixe ·

'Barkatu' hitzaren oihartzuna bizirik sumatzen dut Maixabelen hitzetan, egin dizkioten elkarrizketetan

Osteguna, 14 urria 2021, 07:11

Comenta

Barkazioaren gaia lantzeko aukera paregabea eskaintzen ari zaigu 'Maixabel' filma, bai ikusi dutenei, bai oraindik ikusi ez dugunoi. Ikusi dutenei, filmaren bidez ari baitira berritzen biktimaren eta kaltegilearen arteko elkarrizketak; besteoi, Maixabelen beraren hitzak irakurtzeko parada izan baitugu egunkarietan egin dizkioten elkarrizketetan.

Ez da erosoa barkazioaren gaia, ezta erraza ere. Sentimendu eta bizipen kontrajarrien bilgune izanik, ertz asko ditu eta ikuspegi askotatik bizi daiteke. Zailtasun eta aniztasun horien ispilu dira izendatzen duten hitzak. Hitz batzuk ekintzaren sentimendu, bizipen edo alderdi baten isla dira; besteak, besteren batena. Hala, 'barkatu' eta 'perdonar' (edo 'pardonner').

Biek dute sorrera latinean, baina ez hitz berean. Euskarazkoak 'parcere' du sorburu; 'perdonare' erdarazkoek. Latinez, gainera, badago esanahi bereko hirugarren aditz bat ere: 'dimitte'. Hauxe erabiltzen genuen aitagurea latinez kantatzen genuenean, gure zorrak barkatzeko eskatuz.

Gera gaitezen bi lehenengoetan. Berez, aurreztea esan nahi omen zuen 'parcere' aditzak. 'Perdonare' aditzaren oinarrian, berriz, 'donare' dago, eta neurriz kanpo ematea omen da 'perdonar' ('per': gainezka).

Beraz, nahiz eta gaur sinonimotzat jotzen ditugun, hasieran bazegoen alderik hitz horien esanahien artean. 'Barkatu': aurreztu, zorrak arindu, kendu. 'Perdonar' edo 'pardonner': neurriz kanpoko dohaintza egin, gainezka eman. Gauzak asko soilduz, batek 'kendu', besteek 'eman'; ekintza beraren ikuspegi osagarriak. Gaur, aspaldiko oihartzunak besterik ez dituzte jasotzen denek ere.

Kontuak kontu, 'barkatu' hitzaren oihartzuna bizirik sumatzen dut Maixabelen hitzetan, egin dizkioten elkarrizketetan. Ibon Etxezarretaren zama –ez erantzukizuna– arintzen sumatzen dut, alferrikako karga kentzen, bigarren aukera baliatu eta hegan egin dezan. Ez dut uste horrek zerikusirik duenik Estokolmoko sindromearekin, ezta bestelako kontu ilunekin ere.

Egia esan, irrikatan nago filma patxadan ikusteko, eta Maixabelen eta Ibonen arteko esperientzia gertuagotik ezagutzeko. Hain da bizigarria, izan ere, hitzez adierazezinak diren putzuetan murgiltzea.

Kendu eta eman, bada hemen denontzat adina lan. Eskerrik asko, Maixabel, eta eskerrik asko 'Maixabel' egin duzun guztioi, eskaintzen diguzuen aukera paregabe honengatik.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Barkatu